Gaur ere tenperatura oso altuak espero dira Gipuzkoa barnealdean
Alerta laranja ezarri du beste egun batez Euskalmetek. 37-40 arteko graduko tenperaturak espero dira.
Azken egunetako bero boladak jarraipena izango du gaur, Euskalmet Euskal Metorologia Agentziak iragarri duenez, eta Gipuzkoa barnealdean 13:00etatik 19:00ak bitartean tenperatura oso altuak izango direla aurreratu du, 37-40 gradu ingurukoak. Hori dela eta, alerta laranja ezarri du egun osorako, beste batez.
Itzaletik ibiltzeko eguna izango da, beraz, eta ahal bada, igerilekuan, errekan, ur txorrotetan edo iturrietan freskatzeko aproposa.
Tenperatura altuek herritarrengan dituzten ondorioak prebenitzeko Eusko Jaurlaritzak aktibatuta duen Bero Planean hainbat aholku daude jasota:
A. Berotik babestea
Aire zabalean
-Egunaren erdiko orduetan eguzkitan egotea saihestea. Ez jarri inoiz eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
-Eguzkitik babestu kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babeslea erabiliz.
-Erabili arropa arina, lasaia eta izerditzen uzten duena.
-Saihestu jarduera fisiko bizia egitea tenperatura altuko uneetan, eta batez ere bero handieneko orduetan.
-Osasun-langileekin kontsultatu tenperatura handiekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak (ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, alditxarra…).
Etxean eta barrualdeetan
-Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altua denean.
-Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
-Eguneko ordurik beroenetan, saihestu beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak eta aparatuak erabiltzea.
-Haizagailu elektrikoak erabiltzea aringarria izan daiteke, baina tenperatura 35 °C-tik gorakoa denean, ez dira baliagarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura jaisten.
-Bero handia nabaritzen bada, hartu ur hotzeko dutxak edo bainuak. Beste aukera bat da gorputza freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin.
-Ezin bada etxea freskatu, pasa 2-3 ordu egunean leku fresko batean (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).
B. Deshidratazioa saihestea
-Ura eta likidoak maiz edan, egarri izan arte itxaron gabe.
-Saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo oso azukredunak. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
-Entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak birjartzeko.
-Saihestu janari koipetsuak eta ugariegiak, zaildu egiten baitute berora egokitzea.
C. Pertsona kalteberenak zaintzea
.Edozein pertsonak beroaren ondorioz arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia eskaini behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, baita adineko pertsonei eta gaixotasunak dituztenei ere.
-INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, gerizpean egon arren.
-Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko. Beraz, komeni da haiek egunean behin gutxienez bisitatzea.
-Larrialdiren bat gertatuz gero, deitu 112ra













