Igartubeitik bi plan eskaini ditu datozen egunetarako
Pintxoak janez txotx egiteko proposamena luzatu du larunbaterako, eta sagar zukua egiteko hilaren 20rako. Ostiralean, abuztuak 15, irekita egongo da baserri-museoa.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak bi plan eskaini ditu datozen egunetarako. Hasteko, larunbatean, hilak 15, Pintxo eta txotx izena duen bisita eta dastaketa egingo du, eta hurrengo asteko asteazkenean, hilak 20, Egin ezazu zure sagar zukua izeneko esperientzia.
Parte hartzeko izena eman behar da 943 72 29 78, 943 72 51 07 telefonoetan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan. Helduek 6 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 4 euro; 6 urtetik beherakoak, doan.
Pintxo eta txotx
Igartubeiti baserrian jakiek izandako garrantzia ezagutuko ahal izango dute bisitariek Pintxo eta txotx jardueran. Besteak beste, artoak eragindako eraldaketari buruz hitz egingo dute, eta sagardoa egiteko dolarearen funtzionamendua emango dute ezagutzera. Amaitzeko, pintxo bat dastatuko dute txotx eginez. Bi saio izango dira, 11:00etan euskaraz, eta 12:30etan gazteleraz.
Egin ezazu zure sagar zukua
Egin ezazu zure sagar zukua esperientzia sagardoa egiteko modu tradizionalean oinarrituta dago. Esperientzia sentsoriala eta dinamikoa da, eta bertan, sagarren usaina sentitu ahal izango dute bisitariek, pisoiekin eskuz zapaldu aurretik. Kirikoketako musika-erritmoak praktikatzeko aukera ere izango dute. Sagarra prentsatu ondoren, bere zukua dastatuko dute.
Jarduera hau egiteko gutxienez 6 pertsona behar dira
Abuztuaren 15ean, irekita.
Bestalde, ostiralean, abuztuak 15, irekita egongo da baserri-museoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, jai eguna izan arren.
Egun horretan bisita gidatuak egiteko aukera izango da: euskaraz, 11:00etan, 12:30etan gazteleraz eta 17:00etan, erreserbaren arabera.













