Hurrak eta gibelurdinak abuztuaren erdian iritsi dira aurten Ordiziara
Ferian nabaria da opor giroa, eta saltzaile batzuk falta badira ere, berritasunik ez da falta. Fruten atalera produktu berri ugari iritsi dira.
Aramako Miren Jauregi, hurrekin.D'Elikatuz Aste hau, abuztuko Andra Mari eguneko astea omen da salmentarako okerrena Ordiziako ferian, saltzaile batek gaur goizean adierazi duenez: “Jende gehiena oporretan dago, hilaren 15a jai eguna da, eta gainera, Donostiako Aste Nagusia da”. Egia esateko, Plaza Nagusian eta inguruko kaleetan nabaria zen ohiko asteazkenetan baino mugimendu gutxiago zegoela, eta saltzaile batzuk ere falta ziren.
Hala ere, zer erosi bazen, eta erosteko gogoa zuena ere bai. Horri zuzenduta, eskaintza bikaina zegoen postuetan, garaian garaiko produktuekin.
Hurrak eta basaranak, berritasun
Berritasunak ere izan dira, eta horien artean hurra nabarmendu behar da. Aramako Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabak zituzten, kiloa 5 euroan. Aurten hurra ondo datorrela esan du Jauregik, baina intxaurren inguruan ezin duela halakorik ziurtatu ere esan du. Intxaur gutxi batzuk ere eraman ditu feriara, itxura onekoak, baina aurrerago zer izango den ez dakiela zehaztu du. Izan ere, fruitu lehor hau gaixotasun batek jota dago azkenaldian, eta azken uztak ez dira oso onak izan. “Ea zer dakarren aurtengoak”, esan du.
Hurren eta intxaurren ondoan arrautza zuriak ere bazituzten aramar hauek, dozena 4,5 euroan. Ez dira asko ikusten ferian arrautza zuriak, eta di-da batean saldu dituzte.
Aramatik iritsi da eguneko beste berritasun bat ere: basarana. Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek zuten salgai, kiloa 7 euroan. Fruta hau oso estimatua da, patxarana egiteko erabiltzen delako, eta oraindik badagoelako edari hori etxean prestatzen duenik.
Eta berritasuna ez bada ere, piper morroa aipatu behar da. Badira aste batzuk piper mota hau ferian aurkeztu zutela, baina gaur gorrituta ere jarri dute salgai. Aramako Patxi Arizmendik eta Ibarrako Arantxa Ipagarragirrek zuten salgai, kiloa 4,5 eta 5 euro artean.
Gibelurdinak iritsi dira
Perretxikoen atala ere nabarmendu behar da, aste batzuetan zehar nahiko eskas egon eta gero, berpizten hasia delako. Gaur, denboraldiko lehen gibelurdinak ikusi dira. Mikel Lasaren postuan zituzten salgai, 15 kilo, kilo1 28 euroan. Aurreko astean hasi zen gorringoa edo amanita caesarea ere bazuten aukeran: 8 kilo, kiloa 30 euroan
Ziza horiak eta onddoak ere baziren gaur salgai, eta Lasarenean eta Barcinaren postuan: 90 kilo onddo (22.28 euro artean) eta 44 kilo ziza hori (19.22 euro). Barcinak boilur beltzak ere bazituen, pieza bakoitza 5 eta 25 euro artean, tamainaren arabera.
Moskatel mahatsaren garaia
Zuhaiztiko gunean ere baziren hutsuneak fruta saltzaileen artean, baina hor ere bazegoen fruta eta barazkiak erosteko nahiko aukera. Postu hauetara iritsi diren azkenak moskatel motako mahatsa (4,5-5,5 euroan kiloa), udare tomatea (1-2,25 euro), eta piku berdea eta beltza ( 6,5-8,5 euro) dira.















