Tenperatura 41,7 graduraino iritsi zen atzo Goierrin
Euskalmeten Beasaingo Estanda estazioan neurtu zen, 13:50ean. Gaur jaitsi egingo dira tenperaturak, baina 34 graduraino iritsi daitezke, eta arratsaldean zaparrada trumoitsuak bota ditzake.
Legazpi, gaur goizean. Atzo baino tenperatura baxuagoak espero dira.Tere Madinabeitia Beroak ederki astindu zuen atzo Goierri, eta tenperatura oso altuak neurtu ziren, iragarpenak betez. Euskalmetek eskualdean dituen bost estazio meteorologikoetan jasotako datuen arabera, Beasaingo Estandan erregistratu zen tenperaturarik altuena: 41,7 gradu, 13:50ean. Zaldibiako Amundarain estazioan ere 40 gradutik gora neurtu ziren, eta gainerakoetan ez zen langa hori gainditu.
– Beasain-Estanda: 41,7º (13:50ean)
– Zaldibia-Amundarain: 41,5 º (14:00etan)
– Zegama: 39,7º (13:40ean)
– Ataun-Agauntza : 39:4º (13:20ean)
– Zumarraga-Aitzu: 38,6º (14:10)
Gaur, freskoago
Atzoko tenperaturekin alderatuta, gaur beroak atsedena hartu duela esan daiteke. Euskalmeten iragarpenen arabera, tenperatura nabarmen jaitsiko da, eta goizetik nabaritzen da hori, nahiz eta balio altuenak 31 eta 34 ºC artera iritsiko diren.
Goierrin zerua tarteka hodeitsu dago goiz-goizetik, eta egunaren bigarren partean zaparrada trumoitsuak bota ditzake, Euskalmetek aurreratu duenez.













