Urbiako Fonda arduradun bila dabil
Sare sozialen bidez iragarri dute gaur bertan, duela ordu batzuk. Igande honetan, abuztuak 17, itxiko dute, eta maizter berriak aurkitu arte itxita jarraituko du.
Sare sozialetan duela ordu batzuk eskas iragarri dutenez, Urbiako Fonda arduradun bila dabil. Instagrameko @urbiakofonda kontuan egin dute iragarpena, honako hau esanez: “Bizimoduz aldatu nahi duzu? Erronka berri bati ekin nahi? Leku zoragarri batean lan egin eta bizi nahi al duzu? Urbiako Fonda arduradun berri bila. Zu izan zaitezke!”.
Fondak igande honetan, abuztuaren 17n itxiko dute, eta maizter berriak aurkitu bitartean, itxita egongo da.
Ia 100 urte
Urbiako zelaietan baseliza ireki eta urtebetera inauguratu zuten Fonda, 1925eko abuztuaren 30ean. Partzoneriak eraiki zuen, Segurako alkateak proposatuta. 1933an saldu egin nahi izan zuen enkante bidez, baina birritan hutsik geratu eta 1938ra arte ez zuen jaberik aurkitu. Zeraingo Joakin Muñoak erosi zuen, eraikina bakarrik, haren azpiko eta inguruko lurrak Partzoneriaren esku geratu zirelako. Muñoak egun berean Zegamako Pedro Etxezarretari saldu zion. Pedrok 1958an Justa alabari utzi zion, eta hark Martin anaiari, 1972an. Bera izan zen jabea, Patxi Alustiza legazpiarrak 1993an erosi zion arte. Sal-erosketaren aurrean Alustiza eta Partzoneriaren artean sortutako tirabiren ondorioz, lau urtez itxita egon zen, 1997ko uztailaren 31ra arte. Konponbidera iritsita, Partzoneriak berreskuratu zuen jabetza, haren kudeaketarako Alustiza familiaren aldeko 50 urteko emakidaren truke, hau da, 2047ra arte.
Emakida Ruper Altzelai eta Mikel Altube oñatiarrek eskuratu zuten gutxira, eta 1999ko urtarrilean haiek hartu zuten ardura, eta Mikelen anaia Aritz batu zitzaien gero. 2022ko maiatzean utzi zuten Fonda Oñatikoek, eta urte bereko uztailaren 23tik Peio Bilbao eta Naiara Romatet senar-emazteak dira arduradunak.












