Zerainen ere lehertu da festa
Bigarren urtez jarraian, herriko gazteek kantatutako bertsoek ireki dituzte Zeraingo Andra Mari jaiak. Atzo iluntzean izan zen hasiera ofiziala, eta plazan jendetza elkartu zen sagardoak, oilasko hegoek, txistorrak eta gaztak erakarrita. Gauean musikaren txanda izan zen. Gaur da festetako egun handia.
Bezperan herriko pilota txapelketako finalaurrekoek eta ohiko gibel janek eta arratsaldean haurrentzako ekintzek festa giroa zabaldu bazuten ere, atzo hasi ziren ofizialki Zeraingo Andra Mari jaiak. Bigarren urtez jarraian, gazte talde batek egin zuen pregoia, 19:30 pasatxoan suziria bota eta gero, eta eguraldi bero-beroak lagunduta.
Bertso bat abestu zuten gazteek, Sagutxo batzuekin doinuarekin, festaren aitzakian herri guztia elkartzeko aldarrikatuz:
Heldu da momentue
festak ospatzeko
ta jai giro politten
herrie batzeko,
festak batu gaitzala
denok elkartzeko,
bakarkakoa dena
talde bihurtzeko,
jai herrikoiak ditteu
aldarrikatzeko.
Gazte taldetik deie
has gattezen itten,
ume, gazte zein heldu
gertura zattezten,
denontzako lekue
daukeulako hemen,
jaiek ospau ditzagun
lagun giro onen,
gozai ditzeun egun hok
gogotsu Zerainen.
Ondoren, sagardoa, Luma Gorri oilasko hegoak, Lakiolako txistorra eta gazta barra-barra dastatu zuen plazan elkartu zen jendetzak, sagardo ugariz lagunduta.
Gauean musikaren txanda izan zen, eta Sukena, Jagoba eta Hazas eta Balantza erromeria taldea igo ziren taulatu gainera. Gaueko festa giroak Liztormendi Partyn izan du jarraipena, goizaldera arte.
Bi jai egun dituzte oraindik gozatzeko zeraindarrek. Gaur Andra Mari da, jaietako egun handia, eta ekitaldiz betea dago, tartean arratsaldean egingo den herri kirol norgehiagoka, herriko helduak eta gazteak elkarren kontra jarriko dituena. Bihar gauean amaituko dira festak.
Abuztuak 15, ostirala, Andra Mari eguna
10:00. Meza nagusia.
Ondoren, txistularien goiz eresia herrian zehar.
12:00. Pilota txapelketaren finala, plazapeko frontoian.
12:30. Txakolin dastaketa eta txorizo egosia, plazan, Toberako trikitilari gaztetxoekin.
17:00. Andra Mari bola txapelketa.
18:00. Herri kirolak herritarren artean, eta aizkora desafioa.
20:00. Triki-poteoa Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariekin, plazatik abiatuta.
21:30. Gazte afaria, Mandion.
23:00. Kontzertuak: Andoni Ollokiegi eta Liztormendi Pary.
Abuztuak 16, larunbata
11:30. Meza nagusia.
Ondoren, txistularien goiz eresia herrian zehar.
12:30. Dantzaldi herrikoia Solkie dantza taldearen gidaritzapean.
13:00. Herriko gaztagileen gazta dastaketa eta toka txapelketa, plazan.
19:00. Bertso-triki poteoa mozorrotuta, Ostatuan hasita. Bertsolariak Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran.
20:30. Herri afaria eta mozorro desfilea, trikitilariek girotuta.













