Festak amaitu berritan, balorazio positiboa egin dute Zeraingo gazteek
Bigarren urtez arduratu dira festak antolatzeaz. Orain egun batzuk atseden hartu eta irailean egingo dute balorazio sakonagoa, datorren urtera begira. Jaietako azken ekitaldien artean, Solkie taldeak gidatutako dantza saioa.
Zerainen abuztuaren 13tik 16ra bitartean ospatu diren Andra Mari jaiak amaitu berritan, lehen balorazioa egin dute antolakuntzaz bigarren urtez jarraian arduratu diren herriko gazteek, eta “positiboa” dela esan dute, “giro oso polita egon baita ekintza denetan”.
Baita jendea ere, prestatutako ekintza horiek erakarrita, herrikoak bertakoak, eta kanpokoak.
Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkie gerturatu diren denei, “baita esku bat bota diguten herritar, elkarte eta enpresa guztiei ere”. Orain, egun batzuk atseden hartuko dituzte, eta irailean elkartuko dira berriz ez, balorazio sakonago bat egiteko, “datorren urteari begira”.
Toka eta Solkie
Era askotako ekitaldiak izan dira aurtengo jaietan, eta horien artean toka txapelketa ere izan da. Irabazlea Beñat Elorza izan da.
Bestetik, larunbatean, jaietako azken egunean, dantza saio berezia eskaini zuen Solkie dantza taldeak, dantzaldi herrikoia, hain zuzen ere. Dantzariek erakustaldi hutsa egin ordez, aurten herri osoa dantzan jartzea pentsatu zuten, eta osoa izan ez bazen ere, herritar ugari animatu ziren plazan egindako saioan parte hartzera. Dantza egin zutenen artean, Zeraingo aterpean egonaldia egiten ari diren Saharako haurrak zeuden. Ederki asko pasa zuten korroan, besteak beste.
ARGAZKIAK: Jokin Intxausti













