Aizkorrin Barrena mendi martxa irailaren 28an izango da aurten
Izena emateko epea ireki dute, on line. Aurtengoa 16. edizioa izango da.
Brinkolatik abiatu eta Brinkolan amaitzen den Aizkorrin Barrena mendi martxaren 16. edizioa irailaren 28an izango da aurten eta antolatzaileek ireki dute dagoeneko izena emateko epea. Internetez eman daiteke izena www.kirolprobak.com webgunean.
Aurretik izena ematea 12 euro izango da, eta egunean bertan, 15 euro. Internetez izena ematerakoan elastikoaren neurria aukeratu beharko da, eta elastikoa bakarrik eskatzeko aukera ere izango da, hori ere 12 euroan.
Beste toki hauetan ere izango da izena emateko aukera: Legazpin bertan, Izadi Zaleak elkartean, Bikuña kiroldegian, Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Brinkolako Armuño elkartean, eta Zumarragako eta Urretxuko kiroldegietan.
Aizkorrin Barrenak 16. edizioa du aurten, eta ohi bezala, bi ibilbide izango ditu, Legazpiko Brinkola auzotik abiatuta, inguruko mendietan egiteko. Ibilbide luzea edo Zanpa Zanpa 27 kilometrokoa izango da, eta 08:00etan abiatuko da, eta Ttipi Ttapa edo ibilbide motza ordu bete geroago aterako da, 09.00etan, eta 15 kilometroko luzera izango du.
Mendi martxa honek jai giroa jarriko du Brinkolako kaskoan, eta mendizaleek bertan bazkaltzeko izango dute, Lekanazpi elkarteko kideek paella prestatuko dutelako aurten ere.













