Beasainen hurrengo hitzordua asteazkenean, Iruñeko San Juanen aurka
Bagoneroak aurre denboraldian daude murgilduta, eta dagoeneko hiru partida jokatu dituzte. Hilaren amaieran itxiko dute agenda, eta gero ligarekin hasiko dira.
Beasain KE futbol taldeak aurre denboraldiko laugarren hitzordua izango du bihar asteazkena, Iruñean. San Juan taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, horren zelaian, 20:15ean.
Bagoneroek beste hiru partida jokatu dituzte dagoeneko, denboraldi berria prestatzeko. Real Sociedad C taldearen kontra jokatu zuen Zubietan eta 1-0 galdu zuen; Valle de Egues-en aurkakoa izan zen bigarren partida, Beasaingo Loinatz zelaian, eta horretan hutsera berdinduta geratu ziren; eta azkena, aurreko larunbatean, Deustoren aurka jokatu zuen, 1-1 emaitza lortuta.
Iruñeko hitzorduaren ondoren, Eibarren aurka neurtuko dira beasaindarrak abuztuaren 30an, Eibarko Areitio zelaian, 10:30ean.
Liga hasiera, irailarekin
Beasain KE Futboleko Bigarren Federazio mailan lehiatuko da 2025-25 denboraldian, eta abuztuaren lehenean hasi zen horretarako prestatzen. Ligako lehen partida iraileko lehen asteburuan izango du, Tuteran (Nafarroa), Tudelanoren aurka.













