Iztueta baserriak ateak irekiko ditu larunbatean
Bisita gidatua egingo dute, behiak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria bera erakusteko. Amaieran Iztueta esnekiak dastatzeko aukera izango da. Izena eman behar da.
Lazkaoko Iztueta Azpikoa baserriak abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria bera erakutsiko ditu larunbat honetarako, abuztuak 23, antolatu duen bisita gidatuaren bidez. Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain, ekoizten dituzten Iztueta esneki produktuak dastatzeko aukera izango dute bisitariek, eta, bide batez, inguruko paisaia paregabeaz gozatzekoa.
Bisita 11:00etan hasiko da, eta bi ordu inguruko jarduera izango da. Leku mugatua dagoenez, aurrez izena eman behar da 943 18 03 35 edo 688 895 069 telefono zenbakietan, edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus posta elektronikoan. Prezioa 12 euro da helduentzako, eta 6 euro haurrentzako.
Lazkaomendin dago Iztueta Azpikoa, eta bertan belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten, eta lurretik eta abereetatik bizimodua ateratzen. Lurrari loturiko jarduna da garatzen dutena, arbasoen jakintza eta naturarekin zuten harreman zuzena mantentzen duena. Ingurumena zainduz, abereen ongizatea bermatuz eta modu jasangarri eta duinean lan eginez, kalitatezko esnea lortzen dute, eta horrekin hainbat produktu ekoitzi.













