Goierri ere agerian, Euskadiko Arkitektura Institutuaren 'Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain' erakusketan
Baserrien arkitekturaren bilakaera aztertzen da bertan. Goierriko hainbat baserri daude jasota, argazkietan eta informazio paneletan, eta Goierriko baserritakoak dira baita ere ikusgai dauden harri eta egurrezko lagin batzuk.
Donostiako Alde Zaharrean (Andereño E. Zipitria kalea, 1) egoitza duen Euskadiko Arkitektura Institutuak Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketa du ikusgai irailaren 14ra arte, eta bertan Goierriko hainbat aipamen jasotzen dira.
Euskal baserri ingurunean eraikitako ondareari eskainita dago erakusketa, baserriari berari, alegia, eta mendetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin izan duen arkitektura moduan aurkezten da bertan. Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakaslea dira komisarioak.
Abuztuaren 31ra arte, Arkitektura Institutuak bere ordutegia luzatuta du, eta goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango da erakusketa: asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara.
Argazkiak, maketak, informazio panelak eta baserrietako harri eta egur zati edo lagin zaharrak edo egituraren jatorrizko piezak dira erakusketaren funtsa.
Goierriko hainbat baserri agertzen dira bertan, besteak beste Ezkioko Zelaa, Salete eta Igartubeiti, Olaberriko Besagasti eta Bengoetxe Txiki, Zaldibiako Goroskindegi eta Beasaingo Igartza jauregia.
ARGAZKIAK: Gotzon Aranburu














