Idiazabalgo San Migel elizaren sekretuak agerian, igandean
Bisita gidatua egingo dute arratsaldean, Gaztaren Interpretazio Zentrotik abiatuta. Doakoa da, baina izena eman behar da. Ondramuño gaztandegia ere bisitatu daiteke egunero.
Oporren hilabete den abuzturako eskaintza berezia luzatu du Idiazabalek, eta iraila aurretik falta diren egunetan inguruko zein kanpoko turistak hartzeko prest dago. San Migel parrokiak, Gaztaren interpretazio zentroak eta Ondramuño gaztandegiak osatzen dute eskaintza.
San Migel elizaren sekretuak
Hala, igande honetan, abuztuak 24, herriko altxorretako bat den San Migel eliza eta bere sekretuak ezagutzeko bisita gidatua dago aukeran. Elizaren portada, bataio pontea eta erretaula ezagutuko dituzte bisitariek, besteak beste.
Bisitek 5 minutuko iraupena izango dute, eta bi txanda izango dira: 17:15ean eta 18:00etan. Gaztaren Interpretazio zentroa izango da abiapuntua. Doakoak dira, baina erreserba egin behar da interpretazio zentrora deituta edo idatzita: 943 18 82 03 edo info@idiazabalturismo.com.
Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroa
Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroan bertan ere egin daitezke bisita gidatuak. Museo hau egunero dago zabalik irailaren 15era arte, eta bisitak 11:00etan, 12:15ean, 16:00etan eta 17:15ean egin daitezke.
Museoa ikusteaz gain, bisitariek gazta dastatzeko aukera ere izango dute.
Prezioak, bisitaren araberakoak dira: bisita gidatua 2,75 euro pertsonako, bisita gidatua eta gazta dastaketa 3,40 euro, eta bisita gidatua gazta dastaketa eta edaria, 4,50 euro.
Informazio gehiagorako edo erreserbak egiteko 943 18 82 03 telefonora deitu edo info@idiazabalturismo.com helbidera idatzi daiteke.
Ondramuño gaztandegia
Herriko Ondramuño gaztandegia bisitatzeko aukera ere badago egun hauetan. Egunero eskaintzen ditu bisita gidatuak uda sasoian, 10:30etik aurrera. Ordu betekoak dira eta gazta egiteko prozesua ikusi eta gaztak probatzeko aukera izango da. 12 euro eta 6 euro balio dute sarrerak.
Erreserbak egiteko 649 655 962 zenbakira deitu behar da.














