Informazio pantaila bat jarri du Legazpiko Udalak Bikuña kiroldegian
Pantaila digitala da, eta herritarrei modu modernoan, irisgarrian eta dinamikoan kiroldegiarekin zerikusia duen guztiari buruz informatzea da helburua. Kiroldegiko gimnasio berritua laster irekiko dutela ere jakinarazi du udalak.
Pantaila digital bat jarri du Legazpiko Udalak Bikuña kiroldegian, kirol instalazioekin zerikusia duen guztiaz informatzeko. Informazio hori eskuratzeko herritarrei bide “moderno, irisgarri eta dinamiko” eskaintzea da helburua.
Gai ugariri buruzko informazio zabaltzen du pantailak: instalazioen irudiak eta Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitalari buruzko datuak; erabilitako zerbitzuak eta instalazioak baloratzeko atala; kiroldegiarekin eta udal-jarduerarekin lotutako albiste nabarmenak; urteko egutegia, kirol-jardueren programazioarekin; alta emateko eta Internet bidez instalazioak erreserbatzeko aukera; igerilekuetako uraren parametroei buruzko informazio eguneratua; kiroldegiaren plangintza orokorra; kirol-zerbitzuen prezioak; eta udalarekin zuzeneko kanala, iradokizunak, kexak edo abisuak helarazteko.
Gimnasio berria
Bestetik, udalak jakinarazi du kiroldegiko gimnasio berriko lanak amaitu direla, eta laster instalatuko dituztela bertan makinak, zerbitzua lehenbailehen irekitzeko. Lanak atzeratu egin dira, eta ondorioz, instalazio berria irekitzeko aurreikusitako data ere atzeratu egin da. Horrek eragozpenak sortu dituela eta, udalak erabiltzaileei eskertu egin die “ulermena eta pazientzia”.
Gimnasio berriak lehengoak baino ordutegi zabalagoa izango du, eta erabiltzaileei 06: 00etatik 23:00etara sartzeko aukera izango dute. Ordutegi berezi hau gimnasioarentzat bakarrik izango da, kiroldegiko gainerako zerbitzuek ohiko ordutegia mantenduko dutelako.














