Arantzazuko pelegrinazioa hasi dira prestatzen Legazpin
Ohi bezala, irailaren 8an izango da, eta udalak autobusa eta bazkaria antolatu ditu. Izena emateko epea irekita dago, udaletxean.
Goierriko beste herri batzuetan bezala, Legazpin ere hasi dira prestatzen Arantzazura egingo duten pelegrinaziorako. Ohi denez, irailaren 8an izango da, eta azken urteetan bezala, udalak autobus zerbitzua eta bazkaria antolatu ditu.
Bi autobus zerbitzu izango dira erromesaldiaren egunean. Lehena, Udanaraino izango da, Kataberatik gora oinez joango direnei zuzenduta, eta 07:30ean abiatuko da Saturnino Telleriako biribilgunetik, Udanaraino. Oinezko bidea egiten dutenentzat hamaiketakoa udalaren kontura izango da, eta Amabirjinaren iturria deitzen den parajean banatuko dute ohiko salda eta txorizoa.
Bigarren autobusa 10:3ean aterako da Legazpitik, eta Arantzazuraino joango da, han 12:00etan izango den mezari begira. Hori ere Saturnino Telleriatik aterako da.
Autobusa doan izango da, baina erabili nahi dutenek txartela jaso beharko dute udaletxean, Herritarren Arreta Bulegoan.
Itzultzeko zerbitzua 17:30ean aterako da Arantzazutik.
Bazkaria, 25 euroan
Aurten bazkaria ere izango da Arantzazun, udalak antolatuta. Menuaren prezioa 25 eurokoa izango da eta ordainketa eskudirutan egin beharko da, txartela aldez aurretik erosita Udaletxean, Herritarren Arreta Zerbitzuan.
Hauxe da menua: lehen platera (perretxikoz, pistatxoz eta urdaiazpiko karraskariz betetako piperrak), bigarren platera aukeran (bakailao errea ilar krema, piperrada eta bere pil pil gainean, edo iberiko gisatuen masailak, batata eta patata frijituak), eta postrea (kremazko eta almendrazko pantxineta). Ogia, ura, etxeko ardoa eta kafea sartzen dira.














