Beleak eman die hasiera Zegamako San Bartolome jaiei
Mozorrotuta hasi dituzte jaiak zegamarrek. Gaurtik hurrengo asteartera arte, aurtengo San Bartolomeak ekitaldiz beterik daude.
Herriko gazteek irakurri duten umorez zipriztindutako pregoiarekin, suziriaren jaurtiketarekin eta belearen jaitsierarekin hasi dira San Bartolome jaiak Zegaman gaur eguerdian. Udaletxe inguruan mozorrotutako herritar ugari elkartu dira jaien hasierarako, eta eguerdiko ekitaldiaren festa giroan murgildu dira.
Aurtengo San Bartolome jaiak asteartera arte luzatuko dira, eta ekitaldiz beteriko egunak dituzte ordura arte herritarrek eta bertara hurbilduko diren kanpotarrek. Horiei begira, autobus zerbitzua izango da larunbatetik igandera bitarteko gauean, Legorretatik Zegamara joateko, eta Zegamatik Legorretara itzultzeko, bidean hainbat geldialdi eginda.
Beleari adio esanda emango dizkiete amaiera jaiei astearte gauean Zegamakoek, baina hurrengo astebururako ere gordeko dituzte indarrak, kirol hitzorduak dituzte eta orduan.
Hemen gaurko egitaraua:
Abuztuak 22, ostirala, mozorroen eguna
14:00etan: Kuadrillen bazkaria Elizondo plazan.
16:30 aldera: Herritarrentzat bola jokoa, Txarapeko bolatokian.
17:00etan: 46. Zegamako Futbito txapelketaren finala.
18:o0etan: Buruhandi eta erraldoien kalejira TXORONGO txarangarekin.
19:30ean: Sokamuturra, Ibarretako zelaian.
20:15ean: Mozorroen sari-banaketa. Mozorroen lehiaketan bi sari egongo dira: a) 18 urtetik gorakoentzat. b) 18 urtetik beherakoentzat. c) Bakarkako saria
21:00etatik 22:00etara eta 00:00etatik 3:00etara: BIDE BATEZ taldearekin erromeria plazan.













