Saharako haurrak agurtzeko festa egingo dute bihar Zerainen
Datorren astean, abuztuaren 27an itzuliko dira etxera, hemen jardueraz beteriko asteak igaro ondoren.
Oporrak Bakean programari esker Zeraingo aterpetxean uda igarotzen ari diren haur sahararrak etxera itzuliko dira datorren astean, eta agurtzeko, festa bat egingo dute bihar. Aterpean bertan ospatuko da, 17:00etan hasiko den txokolate meriendarekin. Ondoren, haur hauen Zeraingo egonaldia antolatu duen Horbel Gizarte Ekimeneko Kooperatibak hitzaldia egingo du, eta amaitzeko, 19:00etan, mokadu bat banatuko da. Arratsaldean zehar, gainera, tea, henna tailerra, aurpegi margotzea eta argazki erakusketa egongo dira, besteak beste. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
Dozena bat haur daude Zerainen, neska eta mutil, 2013tik 2015era bitartean jaiotakoak. Oporrak Bakean egitasmoaren bidez iritsi ziren uztailaren 16an, kanpalekuetan bizi dituzten baldintza gogorretatik atseden hartzeko. Datorren astean, abuztuaren 27an itzuliko dira.
Aspertzeko denborarik gabe
Hemen igarotako asteetan oso lanpetuta ibili dira txikiak, ekintza ugaritan parte hartu dutelako. Han ezagutzen ez dituzten igerilekuetara joan dira, Donostian itsasoa ikusi dute eta Anoetako futbol zelaia bisitatu dute, Aste Nagusian ibili dira festatan, Segurako udaleku irekietara joan dira, Zeraingo Andra Mari jaietan parte hartu dute, hemengo dantzak ikasi dituzte, bolatan egin dute, madalenak egiten ikasi dute, Zerainlab elkartearen bidez herria ezagutu dute, ondoko herriak bisitatu dituzte, euskara hitz egiten hasi dira…
Haurrekin batera sukaldari bat eta sei hezitzaile daude lanean, eta makina bat boluntarioren laguntza izan dute. Boluntarioei esker burutu ahal izan dituzte jarduera horietako asko.
Baina dena ez da jolas jarduera izan, hemen egindako egonaldiak osasun azterketak ere egin dizkietelako haurrei. Odol azterketak egin dizkiete, dentista eta okulista bisitatu dituzte… eta handik ekarritako arazo txikientzako tratamendua jaso dute: parasitoak, psoriasia, begietako arazoak… Etxean jarraituko dute tratamenduarekin, hemendik eramandako botikekin.
Laguntza ugari
Bestelako laguntza ere izan dute, otorduetarako, adibidez. Lumagorrik oilaskoa eman diete, Euskaberrek arrautzak, Kaikuk esnea eta jogurtak, Segurako beheko okindegiak ogia, eta Elikagai Bankuak, denetik. Herritarrek ere asko lagundu diete janariarekin, eta fruta, barazkiak, arraina eta haragia helarazi dizkie. Garaguneak ere jarri du aletxoa, janari bilketarekin. Zeraindarrek, gainera, etxeko arropa garbigailuak jarri dituzte astean hirutan haurren arropak garbitzeko. Euskorot enpresak kartelak egin dizkie, eta Shifa elkarteko erizainek ere lagundu diete.
Saharako haur hauek oso ondo hartuak izan dira Zerainen, eta egonaldi honen bultzatzaile nagusia izan den Horbel kooperatibako Maria Rodriguezek esker hitzak besterik ez ditu udalak eta herritarrek erakutsitako inplikazioagatik. Haurrak herrian txertatu dira aste hauetan, bertako txikiekin jolasean ibili direlako, eta helduekin ere bai. Horren trukean, sahararrek hango janaria prestatu zieten zeraindarrei, haien kulturaren zati txiki bat erakusteko. Biharko festa ere izango da hango kultura ezagutzeko beste aukera bat.
Rodriguezek Goierriko beste udal batzuk emandako laguntza ere eskertu du, haurren bidaiaren kostua bere gain hartu dutelako. Arropa bilketan ere goierritarren laguntza handia jaso dutela dio. Oraintxe bertan, elkartasun bilketa batean murgilduta daude Zeraingo aterpean, eta medikamentuak (termometroa, gasak eta tiritak, suero fisiologikoa, begietako kolirioa, desinfektanteak, Triperan, Nolotil, Amoxicilina…) eta berokiak behar dituzte, etxera eramateko.
“Maleta emozionala”
Orain hasita daude dagoeneko maletak prestatzen. Eta bildutako hori guztiaz gain, “maleta emozionala” eramango dutela ere nabarmendu du Rodriguezek. “Oso gustura egon dira hemen!”. Oporrak Bakean egonaldiak normalean familietan egiten dira, eta familia horiekin lotura emozionala eta ekonomikoa sortzen dute haurrek eta han dituzten familiek. Aurten desberdina izan da, taldean etorri direlako Zerainera, eta ez dute horrelako loturarik sortuko. Baina kontran, komunitatean bizitzen ikasi dute, eta opari gutxiagoekin bada ere, maleta bete-betea eramango dute kanpalekuetara.
Abuztuaren 27an joango dira. Loiuko aireportura eramango dituen autobusa igaroko da Zeraindik jasotzera, eta Gipuzkoan eta Euskal Herrian egondako beste haurrekin elkartuko dira, denak batera etxera itzultzeko. Gogoz joango dira, han dituztelako etxeak eta familiak, baina esperientzia ahaztezina eramango dute beraiekin.
ARGAZKIAK: Maria Rodriguez/Horbel Gizarte Ekimeneko Kooperatiba













