Zegamako jaietako azken-aurrekoa, kuadrillen eguna
Ostiralean hasi zituzten San Bartolome jaiak zegamarrek. Gaur kuadrilla eguna dute, eta biharko egunarekin amaituko dituzte aurtengo festak. Argazkiak albiste barruan.
Kuadrilla bat Zegamako festetan, gaur eguerdian.Laida Goiburu San Bartolome jaiak ospatzen dabiltza zegamarrak ostiralaz geroztik. Abuztuaren 22an suziriaren jaurtiketarekin eta belearen jaitsierarekin hasi zen festa, mozorro egunez. Herriko gazteek irakurri zuten pregoia. Igandean San Bartolome eguna eta gazteen eguna ospatu ondoren, gaur, abuztuak 25, kuadrillen eguna dute herritarrek, azken-aurreko eguna, biharko egunarekin amaituko baitira jaiak.
Goiz eresiarekin hasi da kuadrillen eguna. Eguerdi aldera hasi dira zegamarrak kuadrillen blusekin kalera irteten. Txakolin dastaketa egon da plazan, eta alboan, toka txapelketa herrikoia. Kuadrillek elkarrekin bazkaldu dute Aitxuri Herri Eskolako patioan, eta bazkalondorena Txapela Brava taldeak girotu du. 19:30ean Buruhandiak izango dira, trikitilariekin, eta gauean kontzertuak: Ostadar eta Süne.
Bihar azken eguna izango da. Paella lehiaketa, haurrentzako jolasak, plater tiroa, erraldoiak, haurrentzako musika emanaldia izango dute, eta festei agur esateko Adio Beleari prozesioa. Festak amaituta, larunbatean 93. San Bartolome txirrindulari proba jokatuko da 27 eta 23 urtez azpikoen kategorietan, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango dena.













