'Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain' erakusketa ikusteko bisita gidatua larunbatean
Goierriko hainbat baserriren aipamenak eta harri eta egur laginak daude ikusgai bertan. Ibon Telleria Julian komisarioa izango da gidaria. Bisita doakoa da, baina izena eman behar da.
EAI Euskadiko Arkitektura Institutuak bisita gidatua egingo du larunbatean, Donostiako Alde Zaharreko egoitzan ikusgai duen Baserria. Zura, harria, mitoa, orain erakusketara. Ibon Telleria Julian komisarioa izango da gidaria. Bisitak 11:00etan izango dira euskaraz, eta 12:00etan gazteleraz, eta 45 minutuko iraupena izango dute. Sarrera doakoa da, baina contact@eai.eus helbidera idatzita eman behar da izena.
Erakusketa hau baserriaren arkitekturari dago eskainita, eta bertan Goierriko hainbat agertzen dira, argazkietan, informazio paneletan edo harri eta egur laginen bidez. Ezkioko Zelaa, Salete eta Igartubeiti, Olaberriko Besagasti eta Bengoetxe Txiki, Zaldibiako Goroskindegi eta Beasaingo Igartza jauregia dira baserri horietako batzuk.
EAIk azaldu duenez, “euskal landa-ingurunean eraikitako ondareari ematen dio balioa” erakustetan jasotakoak, eta “tipologia baten iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa” proposatzen du. Baserria “mendeetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura” bezala aurkezten da bertan, eta baserriaren historia aztertzen du, “imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatutik harago”.
Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakaslea dira komisarioak.
Irailaren 14ra arte irekita
Erakusketa irailaren 14ra arte egongo da zabalik, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan. Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan dago, Elbira Zipitria 1 zenbakian.
Erakunde honen helburua arkitektura herritarrengana hurbiltzea da, eta haren, hirigintzaren, paisaiaren eta diseinuaren inguruko eztabaida sustatzea. Zentroa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin.
ARGAZKIAK: Mikel Blasco














