Bikuña kiroldegiak ateak irekiko ditu ikastaro eskaintza erakusteko
Hurrengo astean doako saioak eskainiko ditu, ikastaroen nondik-norakoak azaltzeko, baina izena eman behar da. Ikasturtea irailaren 8an hasiko da
Legazpiko Bikuña kiroldegia ohiko martxara itzuliko da irailaren 1ean, ikastaroen ikasturteari hasiera emanda. Hauek dira ikastaroak: K-stretch, cross training, entrenamendu funtzionala, strong by zumba, aqua gym, yoga, igeriketa, pilates, gimnasia erritmikoa, ciclo indoor, gap, 65 plus eta soinketa.
Ikastaro horiek ezagutzeko aukera eskainiko du datorren astean, ate irekien jardunaldiekin. Doako saioak izango dira, eta jardueraren nondik-norakoak adierazi eta azalduko dira. Saio horien ordutegia ikastaroen ordutegi berbera izango da, eta ezinbestekoa izango da izena ematea. Informazio gehiago eskatzeko eta izena emateko kiroldegiko sarrerara jo, 943 731 243 telefonora deituta edo harrera@legazpiko-kiroldegia.info helbide elektronikora idatzi behar da.
Irailaren 8an hasiko dira ikastaroak, osatzen diren taldeekin. Lehentasuna izango dute aurreko ikasturtean izena emanda zeudenek, eta itxaron zerrendan daudenek. Ikastaro berrietan, plaza kopurua gainditzen bada, zozketa egingo da.













