Legazpin kalean margotzeko deia egin du Arkatzak irailaren 20rako
Aire libreko Jose Martin Etxeberria pintura lehiaketaren edizio berri bat antolatu du larunbat horretarako. Lehen saria 500 eurokoa da.
Legazpiko kaleko pintura lehiaketa irailaren 20an egingo da aurten, Arkatza elkarteak udalaren laguntzaz antolatuta, eta azken urteetan bezala, Joxe Martin Etxeberria margolaria gogoratuz. Lanak kanpoan margotu beharko dira, eta edonork parte hartu ahal izango du. Margotzeko gaia Legazpi eta Legazpiko edozein txoko izango da, eta teknika, librea.
Lehiaketa 09:00etan hasiko da, udaletxeko atarian. Ordu horretarik aurrera erabiliko dituzten materialak aurkeztu beharko dituzte partaideek, Arkatza elkarteko antolatzaileek zigilua jartzeko. Antolaketak Legazpiko plano bat banatuko die, eta bazkaria ere ordainduko die. Lanak toki berera eraman beharko dira 13:30-14:00 bitartean, eta sinatu gabe aurkeztu norberak eramandako astoan jarrita. Lan guztiak bertan egongo dira ikusgai, 19:00ak arte.
Epaimahaiak 18:00etan emango du jakitera epaia, eta orduan bertan banatuko dituzte sariak. Margolan onenaren egileak 500 euro jasoko ditu, eta beste hiru sari ere emango dituzte: 350 euro bigarrenarentzat, 200 euro hirugarrenarentzat eta 100 euro legazpiarrek bozketa bidez aukeratutako lanarentzat.
Esther Gutierrez, iazko irabazlea
Iazko edizioan hamar margolarik parte hartu zuten, eta Kantabriako Pedreña herriko (Espainia) Esther Gutierrez Cifrianek irabazi zuen. Bigarrena, Bilboko Leticia Gaspar Garciarentzat izan zen, eta hirugarrena, Berrizko (Bizkaia) Fernando De Vicente Garrido izan zen. Herritarren saria Kantabriako Diana Orbe Ferreirok jaso zuen.













