Agus Urangaren San Bartolome ermitaren maketa
Ermitaren barrukoa aldea ere diseinatu du artista ordiziarrak. Atea irekita ikus daiteke.
Agus Uranga ordiziarrak San Bartolome ermitaren maketa egin du. Oraingoz, D’Elikatuzen ikusgai jarrita badago ere, igandean ermitako ospakizunera eraman zuten, herritarrek bertatik bertara ikus zezaten.
Behin semearekin paseatzen ari zela, San Bartolome ermitan argia piztuta eta atea zabalik ikusi zituzten, eta barrura sartu ziren. “Indusketak egiten bi langile zebiltzan. Baimena eskatu eta barrura sartu ginen. Aurkikuntzen azalpenak eman zizkiguten… Koadroak margotzea gustatu zait, eta nire barnerako pentsatu nuen, maketa bat egingo dut agian, eta opari bat egiteko”.
Ikerketa lana hasi zuen lehendabizi: ermitaren neurriak jakiteko planoa lortu, argazkiak atera detaileak ikusteko…
Materiala aukeratzea zen hurrengo lana: “Arina izatea nahi nuen, batera eta bestera eramateko”. Eraikuntzako plantxa aukeratu zuen; teilak kainaberarekin egin ditu. Behin kanpoko forma emanda, ermitaren barruko aldearena ere egitea. “Barrutik oso kuriosoa da, sabaia abobedatua daukalako, eta barrukoa egitea ere pentsatu nuen. Barruko neurriak ere banituen”.
Barrualdea ikusteko, ermitaren ezkerraldeko paretan, ireki daitekeen zatia jarri dio. “Teilatua kendu eta jartzea zen aukera bat, baina hori ez zait gehiegi gustatzen. Bisagrekin atea bezala irekitzeko jarri diot. Barru guztia ikusten da. Barruan dauden koadroak eta margotu ditut”.
Urangaren lehen maketa izan da. Pare bat hilabetean moldatu du eta pozik geratu da emaitzarekin.













