CAF taldeak Eskandinavian duen posizioa indartu du
Suediako Malmo hirirako 180 autobus elektriko egingo ditu Solarisek. Kontratuak 150 milioi euroko bolumena izango du.
CAF taldeko Solarisek egindako Urbino 15 autobu elektrikoa.CAF Nobina Sverige ABk, Eskandinaviako garraio publikoko operadore handienetako batek, Solarisekin beste kontratu bat sinatu du Suediako Malmo hirian zirkulatuko duten zero isuriko 180 Urbino autobus elektriko entregatzeko. Kontratuak 150 milioi euro inguruko bolumena izango du.
Solarisek herrialde horretan inoiz jaso duen autobus elektrikoen eskari handienetako bat da, eta Solarisek eta Nobinak “azken urteotan izandako lankidetza luze eta arrakastatsu horretan beste etapa bat” ekarriko du. Flota berriak 180 autobus elektriko ditu, eta 2026tik 2027ra bitartean entregatzea espero da. Ibilgailuak luzera ezberdinetakoak izango dira: 12, 15, 18 eta 24 metrokoak. Ibilgailu horiek Malmoko hiri-ibilbideetan nahiz hiri-ingurukoetan emango dute zerbitzua. Suediako hirugarren hiri handiena da Malmo, eta inbertsio handi horren bidez, “aurrerapauso argia” emango du garraio publikoaren sistema erabat elektrifikatzeko bidean.
Malmo hiri garrantzitsua bihurtu da Solarisek Eskandinaviako herrialdeetan egindako ibilbidean. Hain zuzen ere, ibilgailu ugari hornitu ditu bere garraio-sarerako, batez ere trolebusak eta autobus elektrikoak. Gainera, Malmo da 24 metroko luzera duten autobus bi-artikulatuek hiriko zirkulazio erregularrean operatzen duten Europako hiri bakarretako bat.

Solarisek egindako 24 metroko luzera duen autobus bi-artikulatua.
CAFentzako merkatu estrategikoa
Eskandinavia CAFentzat “merkatu estrategikoa” da eta “hazten” ari da. “Izan ere, bertan, trengintza arloko proiektu ugari egin ditu, besteak beste, Oslo hiria aireportuarekin lotzen duen abiadura handiko linearako unitateak hornitzea, Helsinkiko metroa, eta Stockholm, Oslo eta Lund hirietarako tranbia-flotak”.
Suedian bi tren-kontratu handirekin ari da lanean CAF gaur egun. “Lehenengoa Transitio AB eta SJ AB operadoreentzat gauzatzen ari den eskualdeko 50 tren baino gehiagoko hornikuntza da (etorkizunean, gainera, akordioan jasotako aukeren bidez, biak handi daitezke). Horri guztiari EuroMainten jarduera gehitu behar zaio. 1.000 langile baino gehiago ditu, liderra da Suediako trenbide-zerbitzuen sektorean, eta mantentze-lanekin lotutako kontratuak ditu sinatuta eskualdeko tren-flota nagusietako batzuekin. Gainera, jarduera horrez gain, tren arloko osagaiak hornitzen dizkie operadoreei”.
Horrek guztiak berretsi egiten du Suediak mugikortasun jasangarriagoa lortzeko eraldaketa-politikaren alde egindako apustua, eta CAFek “arrakastaz” hartu du parte horretan azken urteotan eskualdean garatutako proiektu ugarien bidez.













