Festarako prest da San Gregorio
Bihar hasi eta irailaren 3ra arte iraungo du festak; patroiaren egunarekin amaituko da. Musikaz, kirolaz, txapelketez eta ikuskizunez beteriko jardunaldia izango da.
Otsoak Dantza Taldearen ikuskizuna, San Gregorioko festetan.Maider Insausti Uda bukatzear da baina egunerokoari heldu aurretik ataundarrek badute oraindik nahikoa indar ospakizunetarako. Bihar hasiko dituzte San Gregorio auzoko jaiak, eta irailaren 3ra arte bost jardunaldi bete izango dituzte. Auzotarrak eta bisitariak elkartuko dira festa egun horietan, auzoko kaleak eta plaza girotuko dituzten ekitaldien inguruan: musika, kirola, txapelketak, ikuskizunak… Ohikoa den eran, egitarau oparo eta anitza prestatu du auzoko festa komisioak, adin guztietarako aukerak eskainita. Uda agurtzeko une berezia izango dute ataundarrek, auzo giroan murgilduta.
Ohiko ekitaldiak
Ohiko osagaiez josia izango da aurtengo edizioa ere. Bihar jaurtiko dute txupina eta erreka jaitsiera eskainiko dute jarraian, inork bustialdi bat hartu nahiko balu. Kuadrillen eguna ere izango dute etzi, eta ohitura bilakatu den bezala, goitik behera zuriz jantzita egingo dute goizeko juntadizoa. Umeei zuzenduriko saioak larunbatean bildu dituzte, baita mozorrotuena ere. San Gregorio eguna asteazkenenean da, irailaren 3a, itxiera aurtengoan.
Musikarekin kaleak eta plaza girotzeaz hainbat talde arduratuko dira: Sukia eta Marki trikitilariak, Iratzar eta Balantza erromeri taldeak, Derrumbe eta beste zenbait Dj. Kirola, berriz, frontenisaren dantzaren eta pilotaren esku egongo da. Azken honetan, bi partida izango dira igandean jokatuko den jardunaldian, binakakoan: Alzua eta Errastik Dorronsoro eta Lopezen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Zubizarretak eta Apeztegiak, berriz, Lizeaga eta Bernaolaren aurka. Hori gutxi ez eta izango da urteetan zehar tradizio bilakatu diren zenbait ekintza ere: San Gregorio eguneko meza edota elkartasun keinuak. Mozorro festaren gaia, bestalde, ura izango da aurtengoan eta horri lotuta zein imajinazioari tira eginda atera beharko dituzte trajeak kalera.
Autobus zerbitzua
San Gregoriora bertaratu nahi duenak, ohiko autobus zerbitzua izango du Goierriko herrietatik. Ez da autobus zerbitzu berezirik izango.
Egitaraua
Abuztuak 28, osteguna
17:30 Txupinazoa buruhandiekin
18:00 Umeen erreka jaitsiera
Ondoren txokolatada
19:30 Frontenis txapelketako finala
20:30 Palestinari elkartasuna adierazteko argazkia
21:30 Auzo afaria Sukia eta Markik girotua
Abuztuak 29, ostirala
13:00 Juntadizoa txuriz
14:30 Kuadrilla bazkaria
16:15 Umeen futbolineko izen ematea eta txapelketa
Ondoren purrarea
18:30 Dj Txekor
20:30 Presoei elkartasuna adierazteko argazkia
21:30 Kuadrilla afaria
23:30 Iratzar erromeria
Abuztuak 30, larunbata
12:30 Buruhandiak
13:30 Umeen bazkaria
14:30 Puzgarriak
17:30 Umeentzat askaria
18:30 Mozorro festa. Gaia: Ura. Bitartean Dj Fresa Morango
21:30 Oilasko jana (mahai tresnak norberaren kontu)
23:30 Derrumbe
Ondoren Iratzar erromeria
Abuztuak 31, igandea
11:30 Pilota partidak
12:30 Kantu poteoa
18:00 Otsoak Dantza Taldearen ikuskizuna
19:30 Gazta dastaketa
Irailak 3, San Gregorio
10:00 Meza santua
Ondoren salda beroa Pelotazalen
12:30 Umeen toka txapelketa herrikoia
Ondoren helduen toka txapelketa herrikoia
14:30 Herri bazkaria
17:30 Mus txapelketa herrikoia













