Andoni Romero, Woolen Dj izen artistikoaren atzean ezkutatzen den izena
Legazpiko gaztea duela hiru arte hasi zen gaztetxe, taberna eta jaietako txosnetan musika jartzen. Ostiralean Brinkolako jaiak girotuko ditu goizaldean.
Woolen Dj Legazpiko eta inguruko herrietako gaztetxe, taberna eta txosnetan musika jartzen eta giroa jartzen aritzen den Andoni Romero Vaz da (Legazpi, 2004). Azken emanaldiak Azkoitian eta Azpeitian egin ondoren, Brinkolan du hurrengo hitzordua ostiral honetan, San Agustin jaietan.
Izen berezia aukeratu zuen legazpiar honek disko jartzaile jarduerarako, baina atzean ez duela esanahi berezirik dio, “kontsolarekin Play-n jolasteko izen bat behar nuen, eta aleatorioki proposamen hori jaso nuen. Gustatu, eta aurrera”. Woolen izenak 10-bat urte ditu, baina Woolen Dj izen artistikoak hiru besterik ez ditu, duela hiru urte hasi zelako Romero publikoaren aurrean musika jartzen.
Hiru urteko ibilbidea
Lehenagotik hasita zegoen “pintxatzen”, etxean, Legazpiko Gaztetxean larunbat batean musika jartzeko eskatu zioten arte. Ordutik 30-bat emanaldi egin ditu. Pioner Dj mahai bat du, musika jartzeko ekipo berezia, eta normalean hori eta kableak bakarrik hartuta joaten da eskatzen dioten lekutara. Bozgorailuak eta argiak ere baditu, behar izanez gero.
Musika, berriz, aurretik prestatuta eramaten du. Denetik jartzea gustatzen zaio, baina aitortzen du gehiena jartzen duena reggaeton dela, hori delako jendeak eskatzen duena. Musika elektronikoa ere jarri izan du, eta noski, baita euskal musika ere, “giroaren arabera, publikoaren adinaren arabera…”. Momentuz besteen musika erabiltzen du bakarrik, baina bere musika propioa sortzeko bidean da, ikasten ari da ekoizpena.
Brinkolarako, gogoz
Disko jartzaileek udan izaten dute lan gehiena, festetan batez ere. Woolenek egindako azken emanaldiak Azkoitian eta Azpeitian izan dira, bi herrietako jaietan. Eta hurrengo hitzordua Brinkolako festetan du, ostiral honetan, txosnan, rock kontzertuak amaitu eta gero. Hirugarren urtea jarraian izango da bertan, eta aurten ere txosna osoa dantzan jartzeko gogoz dago. “Brinkolan, beste festa batzuekin alderatuta, jendea gogo handiarekin egoten da, oso animatuta, eta publikoa motibatuta baldin badago, ni ere bai”.
Hortik aurrera, agenda irekita du kontratazioetarako. Woolen Dj kontratatu nahi duenak Instagrameko @woolen__dj kontuan jarri daiteke berarekin harremanetan. Tiktok kontua ere badu: @woolenmusic.
Tren gidari izan nahi du
Musika jartzeaz gain, Andoni Romerok badu bestelako lanbidea. Orona igogailu enpresan dabil lanean, igogailuak konpontzen eta mantentze lanak egiten. Baina orain ikasten hasiko da berriz ere, aspaldiko amets bat betetzeko bidean. Txiki-txikitatik tren gidaria izan nahi du, eta Bilboko eskola batera joango da irailean, lanbidea ikasteko.













