Arantzazu, segurarren urteroko topaleku
Irailaren 6-7ko asteburuan egingo dute segurarrek urteroko erromesaldia. Izena emateko azken eguna irailaren 3a izango da, estankora joanda.
Segurarren iazko erromesaldiko irudia.Pello Agirrezabal Datorren asteburuan egingo dute segurarrek urteroko erromesaldia Arantzazura. Urtero bizilagun ugari biltzen dituen ekimena da erromesaldia, eta aurtengoan ere, antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte irailaren 6 eta 7ko asteburuan dagoeneko ohitura bilakatu duten «usadio politean» parte hartzera.
Aukera desberdinak
Ohi bezala, Arantzazura joateko hiru aukera izango dira larunbatean, irailaren 6an: 06:00etan Segurako plazatik oinez abiatuta, gainontzekoekin Otzaurten elkartuz; 08:00etan Otzaurtera doan autobusa hartuta eta 09:00etan Aldaolara doan autobusa hartuta. 09:45ean San Adriango aterpetxean guztiak elkartuta egingo dute Arantzazura arteko bidea. Larunbateko bazkaria norberak eraman beharko du, eta arratsaldean, 19:00etan Segurara itzultzeko autobusa egongo da.
Igandean, 10:00etan aterako da Segurako plazatik Arantzazurako autobusa. Arantzazuko Aterpetxean bazkaltzeko aukera izango da, bertan 25 euroan ordainduta, eta 17:00etan egingo dute itzulera.
Izena, irailaren 3ra arte
Parte hartu nahi duenak Segurako estankoan eman beharko du izena irailaren 3a baino lehen. Aldez aurretik izena eman duten horiek estankoan bertan ordaindu beharko dute autobusa, 7 euroan.













