Itxita jarraituko du Urbiako Fondak etzi, mendeurrenaren egunean
1925eko abuztuaren 30ean inauguratu zuten Urbiako Fonda. Azken arduradunek abuztuan utzi dute, eta hilaren 17tik dago itxita. Festa aurrerago egitea erabaki dute.
Urbiako Fonda, 2022ko irudi batean. Aritz Altube Urbiako zelaiak goierritar askorentzat toki kuttuna dira, mendi buelta bat emateko edota egun pasa joateko. Ohikoa da oinez joan eta Urbiako Fondan indarrak hartzeko geldialdia egitea. Fondak mendeurrena beteko du larunbatean, eta ospakizun festa iragarrita zegoen arren, ez dute etzi ospatuko azkenean, abuztuaren 17tik itxita baitago azkeneko arduradunek uztea erabaki dutelako. Festa egitea aurreikusi dute, baina behin arduradun berriak daudenean izango da.
1924ko irailaren 28an Urbiako ermita inauguratu zuten, eta ia urtebete beranduago, 1925eko abuztuaren 30ean inauguratu zuten Urbiako Fonda. Partzuergoak eraiki zuen, Segurako alkateak proposatuta. Harrezkero, gorabeherak izan ditu kudeaketaren aldetik. 1936ko gerraren ondoren, fonda saltzea erabaki zuen Partzuergoak, eta 1938ko ekainaren 14an Zeraingo Joakin Muñoak erosi eta egun berean Zegamako Pedro Etxezarretari saldu zion. 1958an Etxezarretak Justa Etxezarreta alabari utzi zion, eta 1972an Justak Martin anaiari utzi zion. 1993an, Legazpiko Patxi Alustizari saldu zion Martin Etxezarretak, eta lau urte geroago, 1997an, Jon Ander Alustiza semeak hartu zuen ardura. Jon Anderrek Partzuergoari dohaintzan eman zion fonda, eta trukean fondaren kudeaketarako 50 urteko kontzesioa adostu zuten.
Gaur egun jarraitzen du kontzesioak, 2047ra artekoa baita. Kontzesio hori bideratzeko, Urbiako Fonda SL enpresa sortu zuten. 1997tik 1999ra Alustizatarrek izan zuten, eta 1999an Ruper Altzelai eta Mikel Altube oñatiarrek hartu zuten emakida. Aritz Altube batu zitzaien gero. Enpresaren akzioen jabe geratu ziren Altzelai eta Altubetarrak, eta 2022ko maiatzera arte izan zuten fonda zabalik. 2022ko uztailetik, Peio Bilbao eta Naiara Romatet elgetarrak izan dira arduradunak.
Txukuntze lanetan
Aritz Altube enpresaren akziodunetako batek azaldu duenez, ideia zen elgetarrek kontzesioa osorik hartzea (2047ra bitartekoa) eta hala enpresaren jabetza hartzea, baina hitzez esandakoa ez dute paperean gauzatu azkenean, eta utzi egingo zutela jakinarazi zieten abuztuaren 8an. Mendeurrenaren ospakizunaren aurretik tokatu da. «Abuztua bukatzeko aukeraz hitz egin genuen, pixkanaka aldaketa eman ahal izateaz, baina erabakia nahiko argi zuten». Hilaren 17tik itxita dago fonda.
«Bat-batekoa izan da arduradunek uztea, eta festa azkar eta gaizki egin beharrean, erabaki dugu atzeratzea»
«Festa egingo dugu, baina hurrengo egunetarako jarraipen ofizial bat bermatzen dugunean»
Aritz Altube. Urbiako Fonda SL enpresa
Orain emakida hartu nahiko luketen arduradunen bila dabiltza, baina horren aurretik, fonda bera txukuntzeko lanak egiten ari dira: «Dena behar bezala doala ikusten, beste edozeini aukera emateko ikusi behar dugu dena ondo dagoela, egoera onean eskaintzeko».
Zalantza asko
Urtebete inguru zeramaten mendeurrenaren ospakizuna egingo zutela iragartzen, baina ezingo dute mendeurrenaren egunean ospatu azkenean. «Mila buelta» eman ondoren, atzeratzea erabaki dute: «Bat-batekoa izan da, eta azkar eta gaizki egin beharrean, erabaki dugu hobe dela atzeratzea. Ospakizuna egin eta gero, berriz ere fonda linbo horretan geratuko litzateke; festa egin eta igandean itxita? Ez zitzaigun egoki iruditzen».
Altubek azaldu du jende askok galdetu diela ea festa egingo duten, esanez Urbiara inguratzeko asmoa dutela asteburuan mendeurrena delako. Jakinarazi nahi dute itxita egongo dela larunbatean ere. «Horrela egokitu da: 100 urte egiten ditu eta gainera itxita dago».

Urbiako Fonda, 2018ko Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren egunean.Hitza
Urtea amaitu aurretik egin nahiko lukete festa, jada irekiera eta jarraipena zehaztuta eta adostuta izatean: «Gure nahia da aurten egitea. Hartu dugun erabakia da festa egingo dela, baina festa hori egin eta gero, hurrengo egunetan ere jarraipen ofizial bat edukitzea, esatea: ‘Festa, eta jada fondak zabalik jarraitzen du dagokion erara’».
«Beranduen urtea amaitu aurretik» izatea nahi dute. «Hori da gure nahia, baina erabaki potentea da datorrenarentzat, orduan ezer lotu aurretik ezin dugu datarik eman», adierazi du Altubek.
Deialdia hurrengoentzat
Abuztuaren 13an egin zuten aurreneko deialdia fondarako arduradun berriak bilatzeko, @urbiakofonda Instagram kontuaren bidez, eta hurrengo egunetan ere zabaldu dute, «Urbiako fonda arduradun berrien bila, eraman nahi al duzue fonda bere bigarren mendearen hastapenera?» edo «Urbiako fonda arduradun berrien bila, bizitza aldatu nahi?» mezuak igorrita. Interesa duenak 689 930 176 zenbakira deitu dezake. Altubek argitu du: emakida hartzen duenak ez du zertan 2047ra arte hartu behar. «Probatzea litzateke, horrelako zerbaitetarako ezin duzu zuzenean osorik hartuko duzula esan». 2047an emakida bukatuko da, eta fondaren jabetza osorik Partzuergoaren esku geratuko da.













