Oinezkoentzat eremu berriak Araman
Eliz atzeko eremua plataforma bakarrekoa izango da, oinezkoen lehentasunarekin. Zirkulazioa bi noranzkoetakoa jarriko dute.
Oinezkoek lehentasuna izango duten plataforma bakarra sortuko duten eremua.Loinaz Agirre Herriguneko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, herrigunea oinezkoen gune bilakatu nahi du Aramako Udalak. Helburu horiek lortzeko, eliza atzeko eremuan oinezkoek lehentasuna izango duten plataforma bakarra sortzeko lanak prozedura irekiaren bidez eta tramitazio arruntaren bidez kontratatzeko espedientea onartzea adostu zuten azken udalbatzan. Irailaren 5era arteko epea dute enpresek eskaintzak aurkezteko.
Urbanizazio lan horien aurrekontua 283.084,34 eurokoa da (BEZ barne). Proiektu hori aurrera eramateko 2024ko Erein diru laguntza jasoko du udalak.
Proiektu berriarekin, Aramako Udalak, autoak herrigunetik atera eta herritarrentzat gune berriak irabazi nahi ditu. Horretarako, eliza atzeko errepidea egokituko dute, bi noranzkotan bihurtuta.
Izan ere, gaur egun autoak herri gunearen atzetik sartu eta eremuari bira osoa ematen diote eliza atzeko errepidetik barrena, herriaren aurretik ateraz. Eliza atzeko errepidea bi noranzkotakoa bihurtuta, autoei herriaren aurreko aldetik irtetea debekatuko zaie eta errepide beretik aterako dira.
Altuera berdinean
Hala ere, egokituko duten eremu berria erabilera mistokoa izango da errepidea espaloiaren altuera berean jarriko baitute, eta oinezkoek lehentasuna izango baitute bertan.
Autoak herrigunean ibiltzeko debekua izanda, oinezkoentzat beste eremu handi berri bat irabaziko da Araman, plazatik Iriarte kale bukaeraraino.
Aparkalekuak
Eremu horietan dauden aparkalekuak ordezkatzeko, eliza atzean aparkaleku berriak egingo dituzte. Udal taldearen esanetan, egungo aparkamendu beharrak hobeto aseko dituzte eta gainera seguruagoak izango dira.













