Unai Garitanok munduko Kenpo kai txapelketa irabazi du
Legazpin 2005etik praktikatzen den arte martzialeko munduko txapelketa Japonian jokatu da. Garitanok defentsa pertsonalean irabazi du, Getariako Itsaso Legorbururekin bikotea osatuta.
Garitano eta Legorburu, sariekin eta ikurriñarekin.Goierriko Hitza Unai Garitano Laurobak (Legazpi, 1997) kenpo kai arte martzialeko munduko txapelketa irabazi du Japonian. Defentsa pertsonalean lortu du garaipena, Getariako Itsaso Legorbururekin bikotea osatuta. Abuztuaren 10ean izan zen txapelketa, Hamamatsu hirian, mundu osoko partaiderekin. Gipuzkoarren ondotik, Zeelanda berriko bikote bat geratu zen, eta hirugarren postua Tunezeko partaideak izan ziren.
Legazpiko Kenpo Kai-Bushido klubeko kidea da Garitano, eta txapelketako konbate modalitatean ere parte hartu zuen, bakarka. Lehen saioa irabazi zuen, baina ez zuen aurrera egitea lortu. Kata modalitatean legazpiarrak ez zuen parte hartu.
Japonia ezagutzeko aukera
Txapelketa duela ia hiru aste izan bazen ere, Garitano joan den ostiralean itzuli zen Japoniatik, eskuetan munduko txapeldun titulua ziurtatzen dion garaikurrarekin eta diplomarekin, eta irribarre handi batekin. “Esperientzia oso polita izan da, eta txapelketa irabazita, hobea”, esan du. Jende asko ezagutu du, “oso aberasgarria izan da guztia”. Gainera, bidaia ondo aprobetxatu du eta txapelketaren aurretik eta ondoren, Japonia ezagutzeko aukera izan du, bidaia bat eginda. “Hura oso desberdina da kultura aldetik, baino polita ere bai, eta janaria ere ona”.
Herrian oso harrera ona egin diote familiakoek eta lagunek, eta zorion mezuak ez dira oraindik amaitu.
Legazpin, 2005etik
Kenpo kai Japonian eta Txinan jatorria duen arte martzial bat da. Defentsa pertsonalerako erabiltzen da, eta kolpeak, ostikoak, blokeoak, proiekzioak edo heltzeak bezalako teknikak ditu oinarrian. Diziplina, errespetua, adiskidetasuna eta ahalegina ere jorratzen ditu.
Legazpin 2005etik praktikatzen da, Bikuña kiroldegian egoitza duen Kenpo Kai-Bushido klubaren babesean. Mikel Aranguren eta Zuhaitz Astarloza dira entrenatzaileak, eta taldea hamar bat lagunez dago osatuta. Neskak eta mutilak dira, adin desberdinetakoak, 16 urtetik hasi eta 50 urte ingurura artekoak. Klubak ateak irekiak ditu nahi duten guztientzat, adinaren mugarik gabe. Irailean hasiko da ikasturte berria.
Hurrengo mundialari begira
Garitano 14-bat urte zituela hurbildu zen klubera, futbolean jarraitzeko bidea moztu ziotenean. Kuadrillako beste birekin hasi zen, probatzeko. Lagunek utzi egin zuten, eta berak jarraitu, gerriko beltza eta lehen Dan-a lortu arte. Bi munduko txapelketatan parte hartu du dagoeneko, eta azken honetan baita irabazi ere. Orain, entrenatzen jarraituko du, datorren urtean estatu mailako hainbat txapelketatan parte hartzeko asmoz. Hurrengo mundialean parte hartzeko hautatua izatea da helburua. “Ea posible den”, dio.
Kenpo kaiko munduko txapelketa hiru urtean behin egiten da Japonian. Baina 2022an egin behar zena, COVIDagatik urte bete atzeratu zen eta Tunezen egin zen. Orduan ere parte hartu zuen Garitanok, Eneko Uranga eta Mikel Aranguren legazpiarrarekin eta Iñigo Salegi urretxuarrarekin batera. Lauak Kenpo Kai-Bushido klubeko kideak dira. Urangak txapeldunorde titulua eskuratu zuen han, konbate ataleko semi-kontaktu modalitatean.













