Pablo Lospitaok irabazi du 74. Loinatz afizionatuen txirrindu proba
Sergio Gutierrez izan da helmugaratzen bigarrena, eta Jon Conejero hirugarrena. 157 txirrindularik parte-hartu dute lasterketan.
74. Loinatz afizionatuen txirrindu probako irabazleak. 74. Loinatz afizionatuen txirrindu proba jokatu dute goizean Beasainen eta Caja Rural-Alea taldeko Pablo Lospitao Gonzalez izan da helmuga gurutzatzen lehena. Bigarren egin du Gomur Cantabria Infinita taldeko Sergio Gutierrez Vargasek, eta hirugarren Electro Alavesa-Zuia Ingenieria taldeko Jon Conejero Laconchak. Mendiko sailkapenari dagokionez, Caja-Rural Aleako Adria Regada Hierro izan da lehena eta taldekako garaikurra ere Caja Rural-Alearentzako izan da.
Gaurko proba ekainaren 28az geroztik jokatzen ari den Lehendakari Txapelketako puntuagarria izan da. Hamazazpi lasterketa ditu txapelketak, eta dagoeneko hamaika jokatu dira. Besteak beste, atzo San Bartolome Txirrindulari Probaren 93. edizioa jokatu zen Zegaman, eta Caja Rural-Alea taldeko Iker Perezek Uncillak irabazi zuen.
Gaurko lasterketa 09:30ean abiatu da, eta 131 kilometroko ibilbidea izan du. Atagoiti (4 aldiz), Olaberria bitan eta Mandubia behin igo dute 157 ziklistek. Beasaingo proba festetako egitarautik kanpo jokatuko den lehen aldia izan da aurtengoa. Loinatz elkarteko kideen esanetan, festetan boluntario falta izaten da, eta ondorioz, eguna aldatzea erabaki dute aurten.













