San Agustin jaien azkeneko eguna
Gaur amaituko dira San Agustin jaiak Brinkolan. Arratsaldean, bola eta toka txapelketaren jarraipena, haurrentzako jolasak eta Alaitasuna Errondailaren emanaldia izango dira.
Abuztuaren 28tik 31ra San Agustin jaiak ospatzen ari dira Legazpiko Brinkola auzoan. Atzo, festak ez zuen amaierarik izan goizetik gauera arte. Ekintza batzuen artean, patata tortilla lehiaketa egin zuten, eta Joxemañe tabernako ondorengoak diren Amaia Aranguren eta Josu Dorronsororen tortilla izan zen irabazlea. Bitartean, toka, boloak eta puzgarriak ere izan ziren auzoan, adin tarte guztientzako. Gauean, berriz, Odik Legazpiko abeslariak karpa lepo bete zuen, bere Bonjour ikuskizunarekin. Ondoren, Emaion taldearen erromeria eta Woolen Dj-a egon ziren.
Gaurko ekintzekin amaiera emango zaie San Agustin jaiei. Goizean Goiz Deia Txistularien dianak alaitu du auzoa. Arratsaldean, berriz, bola eta toka txapelketaren jarraipena (17:00), haurrentzako jolasak Sorgintxulo taldearekin (17:30) eta Alaitasuna Errondailaren emanaldia (19:00) izango dira.













