Brinkolan, aspaldiko jai jendetsuenak aurten
San Agustin jaiak atzo agurtu ziren hurrengo urtera arte, Alaitasuna errondailaren emanaldiarekin. Ostegunean hasitako jaien lehen balantzea oso positiboa da. Eguneko ekitaldiek erantzuna bikaina izan dute, eta gauekoetan gazteek goraino bete dute auzoa.
Ostegunean jubilatuen bazkariarekin hasitako San Agustin jaiak atzo iluntzean amaitu ziren Alaitasuna errondailaren emanaldiarekin. Brinkolan aspaldiko jai jendetsuenak izan dira aurten, batez ere gaueko ekitaldiak. Gazte ugari hurbildu da ostiraleko eta larunbateko musika eskaintzak erakarrita, eta goizaldera arte luzatutako festa giroan murgilduta ibili dira.
Azken eguna txistularien goiz eresiarekin hasi zen, eta euria izan zuen ondoren protagonista. Horren ondorioz, bertan behera geratu behar izan ziren bola eta toka txapelketak arratsaldean, eta Sorgintxulo aisialdi taldearen haurrentzako jolas saioa aterpean egin behar izan zuten, karpa azpian. Bertan egin zuen emanaldia ondoren Alaitasuna errondailak, dagoeneko atertuta zegoenean, eta publiko askorik bildu ez bazuen ere, kantu batean jarri zituen denak.
Horrela amaitu dira aurtengo San Agustin jaiak, eta antolaketa taldeak oraindik balantze ofizialik egin ez badu ere, “oso positiboa” izango dela aurreratu du.














