Gipuzkoako Artzain Eguna, beste urte batez Legazpin
Igandean ospatuko da artzaintzaren eta gaztagintzaren inguruan biltzen direnen festa. Gaur eguerdian aurkeztu dute egitaraua.
Larraitz Olaizola teknikaria eta Edurne Matias zinegotzia, Artzain Egunaren aurkezpeneanTere Madinabeitia Legazpi prest dago igandean, irailak 7, Gipuzkoako Artzain Egunaren edizio berri bat hartzeko. Gaur goizean aurkeztu dute egun osora luzatuko den egitaraua Edurne Matias Landa garapeneko zinegotziak eta Larraitz Olaizola arlo bereko teknikariak.
Berritasun gutxi batzuk kenduta, ohiko osagaiak izango ditu artzainen aurtengo festak. Goizeko ekitaldiak plaza inguruan ospatuko dira, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 41. Lehiaketa, gazta eta sagardo dastaketa, 12 postuz osatutako artisauen azoka, Izaro Osinaldek gidatuko duen gaztagintza tailerra, Elustondo anai-arreben trikitixa eta Legazpiko Musika Bandaren doinuak, munduko txapelketara joango diren Ipar Arrinda eta Mikel Etxebarria ardi moztaileren erakustaldia, eta ardi erakusketa, horien artean. Arratsaldean, Gipuzkoako artzain txakurren 56. txapelketa jokatuko da, Urtatzan.
Igandeko festaren aurrekari moduan, ostiralerako saguzarren gaua antolatu du udalak, eta larunbat goizerako, mendi irteera Arrobira.
Ardi okela, show cooking batekin aurten
Goizeko ekitaldien artean faltan izango da aurten ardi okelaren sukaldaritza lehiaketa, horren ordez, show cooking deituriko erakustaldia egingo dutelako Ane Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak, udaletxe ondoan. Amaieran, pintxoak eta errezetak banatuko dituzte, eta errezetek zenbaki bat izango dute, ardi okelarekin egindako pikadilloa zozketatuko baitute.
Pintxoetarako txartelak Azokan egongo dira salgai, baita sagardo dastaketarako basoak eta Aitxuri jatetxeko bazkarirako txartelak ere. Hauek udaletxean ere erosi daitezke aste honetan zehar, 25 euroan.
Eguneko beste berritasuna ardi erakusketaren toki aldaketa izango da. “Egiten duen beroarekin kezkatuta, eta animalien ongizatearen legea aintzat hartuta”, ardien kokapena aldatu dute, eta udaletxearen eta elizaren arteko kalean jarriko dituzte aurten, itzalean.
Iaz baserritarrez jantzita joateko tradizioa berreskuratzeko helburuz martxan jarritako photocall-a ere desberdina izango da. Photocall horretan baserritarrez jantzita kuadrillan argazkiak ateratzeko aukera izango da aurten ere, baina argazki horiek zuzenean bidali beharko dira Artzain Egunaren @artzainegunalegazpi instagram kontura. Argazki guztien artean zozketa egingo da, eta kuadrilla oso batentzako bazkaria izango da saria.
Omenaldiak eta Urretxuko ardi txakurra
Goizeko ekitaldien artean omenaldiak ere ez dira faltako, eta legazpiar bat izango da aurten omenduen artean, urteetan Arantzazuko Artzain Eskolako zuzendari izandako Batis Otaegi. Otaegirekin batera, Ameriketan artzain izandako Jesus eta Florentino Goñi nafarrek jasoko dute omenaldia. Gazta txapelketaren sariak banatu aurretik izango dira horiek.
Eta behin Gipuzkoako gazta onena zein den jakinda, goizeko ekitaldiak amaitutzat emango dira, eta Artzain Eguneko ospakizunak Aitxuri jatetxera eramango dira. Bazkalondoren artzain txakurren txapelketa jokatuko da Urtatzan, urtegirako bidean dagoen zelaian. Partaideen artean Mikel Calderon urretxuarra izango da, Sua txakurrarekin.
Artzain Eguneko egitaraua, irailak 7
10:00 Postuen irekiera
9:45-10:30 Lehiaketarako gaztak jasotzeko tartea
10:45 Gipuzkoako Artzain Gaztaren 41. Lehiaketaren hasiera
11:00 Gaztagintza tailerra haur eta gaztetxoentzat
11:00 Gazta dastaketa: herritarren saria (lehenengo gazta bukatzen den arte)
11:00 Legazpiko Musika Bandaren kalejira
11:15 Ardi okelaren sukaldaritza erakusketa eta pintxoen banaketa, Ane Otegi eta Aitziber Aizpururen eskutik. Elikagaien inguruko gomendioak emango dira
11:30 Sagardo dastaketaren irekiera
12:00 Pintxoen banaketa
12:00 Gazteek osatutako epaimahaia Gazta Lehiaketan
12:15 Ardi mozketaren erakustaldia
13:00 Artzainei omenaldiak: Gomiztegiko artzain eskolako Batis Otaegi, eta Amerikarren kasuan, Florentino Goñi eta Jesus Goñi.
13:30etik aurrera: sari banaketa
Goizean zehar:
Euskal Herriko Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa
Artzai Gazta elkarteko kideen gazta salmenta
Sagardo dastaketa
Artisauen erakusketa eta azoka udaletxearen aurrealdean
Haurrentzako jolasak: ARTZAINEN HERRI KIROLAK.
Elustondo anai-anebak girotuko dute goiza trikitixa emanaldiarekin
14:30 Herri bazkaria Aitxuri jatetxean
17:30 Gipuzkoako 56. Artzain Txakur Txapelketa, Urtatzan














