«Oso gogotsu ikusten da jendea, beste urteetan baino giro hobea dago»
Ampo Ordiziak irailaren azken asteburuan hasiko du 2025-2026 denboraldia. Iaz kapitaina izan zen Alain Araña (Ordizia, 2000) jokalariak denboraldi berriaz hitz egin du.
Alain Araña ordiziarra, Altamira estadioan.Loinaz Agirre 2025-2026 denboraldia prestatzeko bi lagunarteko partida jokatuko ditu Ampo Ordiziak: larunbatean, Bilbon, Universitario Bilbaoren aurka, eta irailaren 12an, Gipuzkoa Sortzen taldearen aurka, Zarautzen. Iraileko azken asteburuan hasiko dute liga, Altamira estadioan.
Beti bereziak izaten dira denboraldi hasierak. Aurtengoa ez da gutxiagorako.
Urtetik urtera nola bukatzen duzun, nola hasiko zaren… zalantza izaten da. Denboraldi batetik bestera aldaketa asko izaten dira. Duela bi aste hasi genituen entrenamenduak, eta ikusten duzu jokalari berri batzuk etorri direla, beste batzuk joan direla… Aurten entrenatzaile aldaketa ere tokatu zaigu. Bloke berri bat hasi da eta ea orain nola joaten zaigun. Taldean oso gogotsu ikusten da jendea, beste urteetan baino giro hobea dago. Ez dakit aldaketengatik edo izan den… baina itxura ona hartzen ari da taldearen errendimendua. Orain ikusi behar aldaketa hauekin nola joaten zaigun.
Entrenatzaile berria duzue aurten, Suso Romero.
Azken hiru urteetan Fede [Gallo] argentinarra izan dugu eta hiru urte hauetan nik uste dut taldeak gauza on batzuk jaso dituela. Baina ez dugu jakin izan nahi genuena zelaian erakusten edo errendimenduan nabarmentzen. Urte gorabeheratsuak eduki ditugu. Azken urtea azkenean ondo bukatu genuen, lau partida irabazita. Baina ez zen urte erraza izan. Lesio asko eta gorabehera asko. Partida askotan ez ziren gauzak ateratzen. Aurten saiatu behar gara hasieratik ondo hasten urtea, beste dinamika positibo batekin joateko urte osoan.
Zein duzue helburua denboraldi berrian?
Lehenengo fasean lehenengo seietan sartzea. Batetik, ematen duen lasaitasunagatik, bigarren fasera jaitsiko ez zarela jakinda iristen delako. Eta bestetik, taldean ikusten delako, ahal dela zerbait egin liga honetan. Lehenengo itzuli honetan lehenengo seietan gelditzea helburu posible bat da. Ez da erraza izango, hori argi dago. Baina taldearentzat ona izango litzateke horra iristea. Bai edo bai, salbatzea izango da helburua, baina nik uste dut badaukagula zerbait gehiago lortzeko eta lehenengo itzulian lehenengo seietan sartzeko taldea.
«Saiatu behar gara ondo hasten, bestelako dinamika positibo bat izateko urte osoan»
Lehenengo partida etxean daukazue iraileko azken asteburuan, La Vilaren aurka.
La Vila aurkari zuzen bat izango da. Aurten, aurreko urtean bezala, bi talde zuzenean jaitsiko dira eta beste batek promozionatu egin beharko du. Orduan, urte gogorra izango da aurten ere. Hamaika talde gara eta hiru taldek arriskua izango dute jaisteko. Beraz, oso garrantzitsua izango da ondo hastea. Uste dut partida ona izan daitekeela lehenengoa etxean jokatzea La Vilaren aurka, dinamika positiboarekin eta gogor hasteko liga hau.
Bigarren partidan igo berria den Liceo Frances izango duzue aurkari, Madrilen.
Beti pentsatzen da igo berria den taldea ahulagoa izan daitekeela, baina ezin da erlaxatuta joan, ez baitakizu. Beraiek gogotsu igotzen dira, urte askoan Lehenengo Mailan egon gabe daudelako. Gainera beraientzat ligako lehenengo partida izango da gure aurkakoa. Orduan ez dakigu ze espero, ez dakigu ze talde edukiko duten eta zerekin aterako diren. Hirugarren jardunaldian atsedena edukita, guretzat klabea izango da lehenengo bi partida horiek irabaztea, urtea ondo hasteko, eta puntu horiek bukaeran asko eskertuko ditugulako.
Jokalari batzuk joan dira, eta beste batzuk etorri. Julen Goia gabe jokatzea arraroa egingo zaizue agian.
Azken urteetan, jokalari bezala, kapitain egon da, taldean pisua daukan jokalaria izan da baina ohitu beharko gara. Jokalari berriei dagokienean, batzuk ezagunak dira. Fernando Lopez itzuli da; jokalari batzuk berarekin jokatu genuen. Xabi Martin ere itzuliko da, gaztetan Ordizian jokatu zuena… Jokalari berri batzuk iritsi dira, beste batzuk iristear daude eta taldera egokitzea tokatuko zaie. Entrenatzaile berrira denok egokitu beharko gara. Ea nola hasten garen talde bezala.
Iazko denboraldian, lesioak tarteko, etxeko jokalariak ezinbestekoak izan ziren.
Bai, egia esan, ez zara jabetzen harrobian zer daukazun, eta benetan etxeko jokalariek zenbat ematen duten, benetan beharra daukazunera arte. Eta aurreko urtean gorabehera batzuengatik eta besteengatik, etxeko jokalari askok eduki zuten aukera jokatzeko. Oso maila ona eman zuten. Orain arte aukerarik izan ez zuten jokalari gazteek erakutsi zuten hor egoteko gai direla.
«Ez zara jabetzen etxeko jokalariek zenbat ematen duten benetan beharra daukazunera arte»
Aurten tokatzen dena da, postua lehiatu beharra dagoela, kanpokoa izan edo etxekoa izan. Ikusten da talde bat edukiko dugula sakonera gehiagokoa, eta postu bakoitzean ondoen entrenatzen duenak jokatuko duela. Horrek ere konpetentzia positibo bat ematen du. Azkenean, ez zara akomodatzen zure postuan eta borrokatu beharra daukazu entrenamendu eta partidetan jokatu nahi baduzu.
Iaz kapitaina izan zinen.
Lidergotza taldean azkeneko bi urtetan izan naiz eta aurreko urtean erabaki genuen aldaketa egotea, trantsizio urtea izatea, jakinda Julenen [Goia] azken urteak zirela eta Mikel Perez ere joango zela. Aurreko urtea nire lehenengo urtea izan zen kapitain bezala. Aurten oraindik ez dakigu, azkenean taldeak erabakitzen du nor izango den. Baina hor egongo gara lider bezala eta saiatzen, lan gehiena ateratzen.
Denboraldia prestatzeko, bi partida dituzue. Irailaren 6an Universitario Bilbao taldearen aurka eta 12an Gipuzkoa Sortzenen aurka. Entrenatzaile berria izanda eta hainbeste jokalarirekin, taldea egiteko garrantzitsuak izango dira.
Aurkari hauekin eta lagunarteko partidekin bilatzen dena da, lehiaren erritmoa hartzea, Ligara ahal den ondoen iristeko. Taldekide berriekin, sistema berriarekin, pixka bat erosotasunera iristeko. Azken asteburu librean [irailak 20-21] kontzentrazioa egingo dugu talde osoak gauzak zehazteko.
Bazkide kanpaina egiten ari da Ordizia errugbi elkartea. Zaleen laguntza ere garrantzitsua izango da helburuak betetzeko.
Ligako azken partida haietan, irabaztea behar zenean, nabaritu zen zalea gerturatu zela. Asko laguntzen du, eta eskertzen da taldeari ematen dioten babesa. Gu saiatzen gara ahal dugun ondoen egiten erakargarriak izateko, eta eskatzen diegu zaleei animatzera etortzeko, guretzat laguntza handia izaten delako.












