Sustraiak eta Ilinti bat eginda, dantza taldearen 50. urteurrenean
Merkatari elkarteak dantzarien argazkiak jarriko ditu ikusgai ostegunetik hilaren 20ra bitartean, dendetako erakusleihoetan. Lehiaketa bat ere antolatu dute, 100 euroko sariarekin.
Rafa Urtzelai, Miryam Galilea, Jon Dorronsoro, Alberto Vesga eta Ruth Busca, '50 urtez dantzan' erakusketaren aurkezpenean. Sustraiak dantza taldeak aurrera jarraitzen du bere 50. urteurrenaren ospakizunekin, eta urte osoa hartuko duen egitarauaren hurrengo hitzordua iritsi da. Oraingoan, argazki erakusketa berezi bat jarriko du ikusgai, lehiaketa eta guzti, eta horretarako Ilinti herriko merkatarien lankidetza izango du.
Gaur eguerdian aurkeztu dute jarduera berria, Kultur Etxean egindako ekitaldi batean. Bertan bildu dira Sustraiak taldeko Jon Dorronsoro, Ilintiko Ruth Busca, Alberto Vesga eta Rafa Urtzelai, eta Miryam Galilea kultura zinegotzia.
Erakusketaren izenburua 50 urtez dantzan da, eta ostegunean, hilak 4, hasi eta hilaren 20ra egongo da ikusgai, Ilinti elkarteko kideen erakusleihoetan. Bertan, “50 urte hauetan ateratako 52 argazki” ikusi ahal izango dira, Sustraiak taldeko Dorronsorok azaldu duenez. “Argazkietan haur taldeak, inauterietako irudiak, txapelketetakoak, ezpata-dantza… gure taldeak urtean zehar jorratzen dituen dantzak eta esparruak” azaltzen dira.
Legazpiko Udalaren laguntzarekin antolatutako erakusketa da, eta argazkiak Gorka Gomezek “txukundu” ditu. Argazkientzako euskarriak, berriz, Lenbur Fundazioak utzitakoak dira. “Biei, eskerrak luzatu nahi dizkiet”.
Lehiaketan, 100 euroko saria
Erakusketa honekin lehiaketa bat ere egingo da, eta horren inguruko azalpenak Ilintiko ordezkari Alberto Vesgak eman ditu. Sustraiak dantza taldea zoriondu du lehenik, 50 urte betetzeagatik, eta ospakizunetarako eskaini dioten lankidetza “argazkiak erakusteko gure erakusleihoak uztea” izan dela azaldu du, argazki horiekin antolatutako lehiaketa baten bidez 100 euroko saria ematez gain.
Elkarteko kideen erakusleihoetan 52 argazki jarriko dira ikusgai, eta horietako bat Santikutz eguneko bat da. Lehiaketa da argazki hori non dagoen asmatzea, eta parte hartzeko, Ilintiren denda guztietan banatuko dituzten orriak bete behar dira. Erantzun zuzena ematen duten partaide guztien artean hilaren 22an egingo duten zozketa bidez, 100 euroko erosketa txartela banatuko dute.
Udalaren eskerrak
Miryam Galilea kultura zinegotziak eskertu egin du Sustraiak dantza taldea, “herria bizi mantentzen duelako, ez bakarrik aurten, 50. urteurrenaren harira egiten ari den ekintza bereziekin, baizik eta urteetan zehar egin izan duen lanarekin”. Aurrerantzean ere lanean jarraitzeko gonbidapena luzatu die taldeko kideei. Dorronsorok erantzun dio “beste 50 urte” dantzan jarraitzeko asmoa dutela.
Amaitzeko, Galileak legazpiar guztiak animatu ditu erakusleihoetatik pasatzera, argazki hori bilatzera eta lehiaketan parte hartzera.












