Uda mugituaren ondoren, ikasturte berria hasi du Judo Legazpik
Euskal Herri eta Espainian zehar egindako hainbat campusetan izan dira judoka legazpiarrak. Klubak ikasturte berria hasi du, eta zehaztu ditu antolatuko dituen txapelketak.
Judo Legazpi klubak azken urteetako udarik biziena izan du aurten. Ikasturteko jarduerak amaitu arren, klubak eutsi egin zion entrenamenduari uztail osoan eta abuztuaren zati batean, eta kadete eta junior mailako 25 kirolarik baino gehiagok hainbat campusetan parte hartu dute, Espainian zehar eta Euskal Herrian.
Legazpiarrak zazpi campusetan izan dira, eta Espainian, Astilleroko (Kantabria) campusean, Madrid-Mizunon, Fran Garrigos olinpiar judokak antolatutako campusean Torrelavegan (Kantabria), Valentziako Olimpic Training Camp-en parte hartu dute. Euskal Herriko bi campusetan ere izan dira, Iruñeko Judo Natacion klubak antolatutakoan, eta Euskadiko Judo Campusean.
Jardunaldi horietan, nazioarteko eta olinpiar mailako judoka ospetsuek gidatutako entrenamenduetan parte hartzeko aukera izan dute Legazpikoek. Horien artean nabarmendu behar dira David Tornek Astilleron gidatutako campusa, baita abuztuan Valentzian egin zen Olympic Training Camp ospetsua ere. Azken horretan klubeko hiru kadete nabarmenenak diren Alfredo Suarez, Oier Astorquia eta Unax Larraza izan ziren, eta nazioarteko selekzioekin batera entrenatzeko aukera izan zuten, denboraldi berria prestatzeko asmoz.
Denboraldi berria
Halako uda mugituaren ostean, ikasturte berriari ekin dio dagoeneko Judo Legazpik. Abuztuaren 25eko astean hasi ziren kadete eta junior kategoriako kideak lanean, eta irailaren 1etik aurrera berriro martxan jarri dira infantil eta kadeteen saioak.
Hauek dira ordutegiak: infantilak edo 2012an eta 2013an jaiotakoak, eta jiu jitsu, astelehenetan eta asteazkenetan, 19:00etan; kadeteak edo 2011, 2010, 2009an jaiotakoak, juniorrak eta helduak, astearte, ostegun eta ostiraletan, 19:00etan.
Ikasturtea hasi orduko, ordutegi arruntetara itzuliko dira entrenamenduak.
Bestalde, klubak ohiko jarduerak ere gauzatuko ditu denboraldiak zehar. Hala, infantilen Gabonetako Judo Jaialdia abenduaren 20an egingo du, infantil eta kadete mailatako bi nazioarteko txapelketa egingo ditu, eta kadete mailako torneo bat ere bai Euskadiko selekzioaren, rankingerako puntuagarria izango dena. Bestelako ekintza batzuk ere egingo ditu, legazpiarrei bideratuta, baino oraindik lotu gabe dituzte.













