Emaneurre Euskarari Eguneko herri kirol lehia, 26 talderekin
Inoizko parte hartzerik handiena izango da Ordizian. Plaza Nagusiko bazkarian 500 lagun elkartu nahi dituzte. Joseto eta Alayak elektrotxarangarekin eta Gozategirekin amaituko da eguna.
Jose Migel Barandiaran plazan egingo dira larunbatean herri kirolak.Tere Madinabeitia. Ordiziarrentzat urteko egun kuttunetako bat bihurtu den Emaneurre Euskarari Egunaren arrakasta ziurtatuta dago aurten ere. Izan ere, inoiz baino herri kirol talde gehiagok eman dute izena aurten Ordiziako XIII. Kuadrillen arteko herri kirol txapelketan: larunbatean, zortzi laguneko 26 taldetan banatuta, 206 lagun ariko dira nor baino nor.
Jose Migel Barandiaran plazan egingo dira herri kirolak, 09:30etik aurrera. Sokatiraz gain, ondorengo lanak egin beharko dituzte herri kirolariek, bi itzulitan: oskolak jarri-jaso, txingak, harria, zakua, trontza, arrauna eta korrika. Sokatirako finala 13:50ean hasiko da eta herri kiroletakoa, 14:00etan. Iazko talde irabazlea, Mokela, parte hartzaileen artean izango da.
Antolatzaileak gustura
Emaneurre elkarteak duela 14 urte sortu zuen Emaneurre Euskarari Eguna, «kirol parte hartzaile eta herrikoiak bultzatuz, euskal kulturaren alde eginez eta euskararen aldeko aldarria luzatzeko» helburuarekin. Antolatzaileak gustura daude egun horrek izan duen bilakaerarekin eta aurten parte hartzean izan den igoerarekin. «Zoriontzeko eta poztekoa da urtetik urtera emakumezkoen parte hartzeak izan duen igoera. Kuadrilla ezberdinen eta anitzen elkargune ere bilakatu da eta inklusiora bidean kolektibo ezberdinen parte hartzea ere ahalbidetu du Emaneurre Euskarari Egunak».
Bazkarian, 500 lagun
Goizean kirolaren txanda izan ondoren, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Plaza Nagusian. Herri kiroletan parte hartzen dutenez gain, gainerako herritarrek ere aukera izango dute bazkarira joateko. Emaneurrek gainera erronka bota du aurten: 500 lagun elkartu nahi dituzte bazkaltzen. Bazkarirako txartelak salgai daude Sugaar, Amonane eta Kirkil tabernetan, 13 eurotan. Bazkaltzeko, txorixo egosia, haragi paella (paella beganoa ere egongo da), postrea eta kafea izango dira, txotxeko sagardoak eta ardoak lagunduta.
Musika
Bazkalondotik aurrera, musika izango dute lagun, ordu txikietara arte. Marki eta Sukia trikitilariak lehenengo, Joseto eta Alayak elektrotxaranga ondoren, eta azkenik, egun horretan klasiko bihurtu den Gozategi taldea.

Herri kiroletan parte hartuko duten taldeak.
Egitaraua
Irailak 6, larunbata
- 09:30: Herri kirolak, Jose Migel Barandiaran plazan.
- 15:00: Bazkari herrikoia, Plaza Nagusian.
- 16:30: Marki eta Sukia trikitilariak, Plaza Nagusian.
- 18:30: Joseto ta Alayak elektrotxaranga, Alde Zaharrean.
- 23:00: Gozategi taldea, Plaza Nagusian.













