Gaztainek udazken kolorea jarri dute ferian
Gutxi falta da urtaro berrirako, eta produktuen eskaintzan nabaritzen hasia da aldaketa. Oraingoak baino garai hotzagoetarako jaki aproposa den arto opila ere hasi dira saltzen.
Ordiziako azokan ere egutegiak agintzen du, eta nabaritzen hasia da bere eskaintzan udazkena gerturatzen ari dela. Gaur, eguraldi beroz lagunduta iritsi badira ere, garai hotzagoetarako jaki aproposak aurkeztu dituzte saltzaileek.
Feriak, bestela, ohiko martxa hartu du oporren ostean, eta gaur, saltzaile bakar baten hutsunearekin egin da.
Gaztaina izan da udazkenari begira aurkeztutako produktu horietako bat, eta Altzagako Arantxa Lopetegik jarri du salgai, kiloa 4 euroan. Erosleak ez dituzte faltan izan gaztaina horiek, eta Hika txakolindegiko Roberto Ruiz sukaldaria izan da horietako bat.
Arto opila ere urtaro hotzetan kontsumitu ohi den jakia da, baina Ordizian salgai dago dagoeneko. Oporrengatik abuztu osoan huts egin eta gero, itzuli da Plaza Nagusira Legazpiko Maite Iturbe okina, eta berritasun horrekin gainera. Normalean, Euskal Jaietako azoka berezian hasten du produktu honen denboraldia, baina oporrak aurretik bezeroak galdezka zituen, eta aurten aste bete lehenago hastea erabaki du. Ohi bezala, arto opil handiak egiten ditu, gero zatika saltzeko. Kiloa 6 euroan jarri du salgai denboraldi honetan ere, aurrekoan jarri zuen prezio berean. Arto irina ere jarri du salgai gaur. Itsasondoko Ibares errotan ehotako irina da, eta kiloa 3 euroan du. Horrekin egiten du berak opila.
Udazkeneko barazkiak
Barazkien eskaintzan era hasi da antzematen udazkenaren gertutasuna. Aurreko astean lehen kuiak iritsi ziren, eta gaur udazkeneko produktuz beteta zuen postua Bidania-Goiatzen Sustrai Askeak izenarekin ekoizten duen Natalia Magallanesek. Txikoria (1,30 unitatea), mihilu erraboila (1,40 euro), eskarola (1,5 euro), eta apio erraboila (2,5 euro) aurkeztu ditu.
Bestela, udako produktuen eskaintza oraindik handia da, batez ere tomate, kuiatxo eta era askotako piperrena. Indaba freskoak edo potxak ez dira falta, eta laster iritsiko da indaba beltza ere.
Perretxiko gutxi
Perretxikoen eskaintza, aldiz, eguraldi aproposagoen zain dago hazteko. Momentuz, gaur 40 kilo ziza hori, kiloa 19 eta 22 euro artean, eta 100 kilo onddo (24-32 euroan kiloa) jarri dituzte salgai Lasaren eta Barcinaren postuetan. Barcinak boilur beltzak ere bazituen.
Melokotoia eta mahats beltza
Zuhaiztiko salmenta puntura ere itzuli da normaltasuna, eta oporrek utzitako hutsune guztiak beteta agertu dira gaur. Fruta sailtzaileen artean, Calandako melokotoia (3,95 eta 5,9 artean kiloa), Malagan ekoitzitako mangoa (2,5 eta 4,95 euro artean unitatea), eta garnatxa motako mahats beltza (2,5 eta 3,95 euro artean kiloa) izan dira berritasunak. Bitxikeria gisa, pitaya aipatu behar da, herensugearen fruta izenarekin ere ezagutzen dena. Kanpotik arrosa kolore bizikoa, arreta deitu du Rueda familiaren postuan, kiloa 7,9 euroan.
Ia parean dagoen postuan, berriz, udare tomatez betetako kaxen salmenta izan da arreta deitu duena. Javier Lacalleren postua zen, eta tomatea kontserban egiteko garaia denez, kaxakadak ari da saltzen joan den astetik.
Nafarroako jubilatuak
Bisiten denboraldia ere hasi da Ordiziako asteazkenetan. Gaur, D’Elikatuz zentroko teknikarien laguntzarekin, azoka eta herri erdialdea bisitatzen izan dira Lizarraldeko Aras herriko 30 inguru jubilatu.















