Legazpiko Gizarte Zentroak bere 50. urteurrena ospatuko du igandean
Bazkari bat antolatu du Buztintegi elkarteak, eta 130 lagun elkartuko dira. Jubilatu eta pentsiodunen elkarteak hilaren 15ean hasiko du ikastaroen denboraldi berria.
Legazpi Gizarte Zentroak 50 urte bete ditu aurtengo udan, eta Buztintegi jubilatu eta pentsionisten elkarteak bazkaria antolatu du urteurren garrantzitsu hori ospatzeko. Bazkaria igande honetan izango da, Gizarte Zentroan bertan, eta 130 lagun inguru elkartuko ditu.
Eraikin hau, urte luzeetan ‘Jubilatuen etxea’ izenarekin ezagutu dena, 1975eko uztailaren 6an inauguratu zuten, eta urte berezko abuztuaren 26an hasi zen funtzionatzen. Buztintegi elkarteak bertan du egoitza, eta bazkari hau “aurrekoen omenez eta gaurko bazkideen gozamenerako” prestatu du.
Ikasturte berria
Buztintegik, bestalde, hilaren 15ean jarriko du martxan ikasturte berria. Ohiko ikastaroak eskaini ditu oraingoan ere: informatika, dantza, nagusientzako gimnasia, marrazketa eta pintura, xakea, mantentze gimnasia, joste lanak, eskulanak, yoga eta ekialdeko filosofia, oroimena mantentzeko lanak, ingelesa, gimnasia hipopresiboa eta bingoa.
Jarduera bakoitzak bere egutegia eta ordutegia du, eta informazio gehiago nahi duenak Gizarte Zentroan eskatu dezake.













