Ordiziako azoka berezia eta gazta lehiaketa, irailaren 10ean
Ordizian Euskal Jaiak ospatuko dituzte irailaren 5etik 14ra bitartean. Ekitaldi ugari antolatu dituzte. Egun handiena, irailaren 10a, asteazkena izango da, azoka bereziarekin eta gazta lehiaketarekin.
Euskal Jaien aurkezpena egin dute gaur Ordizian.Loinaz Agirre. Ostiralean hasi eta irailaren 14era bitartean, Euskal Jaietan murgilduko da Ordizia. Ohi bezala, asteazkena, egunik bereziena izango da, urteko azokarik bereziena egingo baita. Gaur goizean, Plaza Nagusian, azokaren gune nagusian hain zuzen ere, Euskal Jaien eta azokaren aurkezpena egin dute, Adur Ezenarro alkateak, Libe Otegi Turismo Zuzendariak, Garbiñe Etxezarreta Kutxa Fundazioko ordezkariak, D’Elikatuz Zentroko Leire Arandiak, HEBE elkarteko lehendakaria den Ibai Alberdik eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek.
Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “azoka berezia izaten da Euskal Jaietako izarra, baina irailaren 5etik 14ra luzatuko dira Euskal Jaiak. Ekitaldi mordoxka izango da”.
Azoka
Dena den, irailaren 10a, asteazkena izango da egunik handiena, urteko azokarik bereziena egingo delako. “Beti bezala, bihotza, Plaza nagusia izango da, baina eremu desberdinetan lehiaketa eta erakusketa desberdinak izango dira: fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia”.
Gazta lehiaketa eta omenaldia
Lehiaketa garrantzitsuena 52. Idiazabal Gaztaren lehiaketa izango da, Beti Alai pilotalekuan egingo den latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa. 10:00etan hasiko da. Ohi bezala, hainbat sukaldari, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko dute epaimahaia, Pedro Subijana buru dutela.
Omenaldirako tartea ere hartuko dute. “Aurtengoan, epaimahai honetako kide hainbat urtetan izandako eta lehiaketaren sustapenean lan handia egindako hiru pertsonak hil ondorengo omenaldi sentitua jasoko dute; hain zuzen, Jose Mari Ustarroz (Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakari ohia), Fermin Leizaola etnografoa eta Luis de Lezamak (Lezama taldeko lehendakaria) 2025 urtean zenduak”.
Urrezko Kutxa garaikurra
Kutxak ematen duen Urrezko Kutxa garaikurra jasotzeko aukera izango dute aurten ere bi gaztandegik: Kortariak (2018, 2019) eta La Lezek (2022, 2024). Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileek izaten dute Urrezko Kutxa garaikurra irabazteko aukera. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak, 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzainak bigarrenez eta 2023an Segurako Ondarre Gaztandegiko Eneko Goiburuk hirugarrenez.
Garbiñe Etxezarreta, Kutxa Fundazioko ordezkariak adierazi duenez, “aurten ere Kutxa Fundazioak Urrezko Garaikurra emateko aukera izango du. 1964 urtetik ematen dugun saria da, eta gure helburua Gipuzkoa bidezkoago, jasangarriago, ikasiago eta sortzaile bat lortzen lagunduko duten erantzunak sustatu eta babestea da”. Izan ere, “ondare bihurtu den gaztagintzaren garapena sustatzea eta bistaratzea lortu nahi dugu sari honekin; eta baita sektorean egiten den lan ona aitortzea ere”. Gainera, nabarmendu du aurten bi gaztandegik dutela aukera Kutxa Urrezko Garaikurra lortzeko aukera, eta “emozio handiz” biziko dutela asteazkena.
Enkantea
13:30ak aldera jakingo da aurtengo artzain irabazlea nor den eta, ondoren, saritutako gazta erdiaren enkantea egingo da, presentzialki frontoian parte hartuz edo “munduko edozein bazterretatik parte hartuz , online modalitatean”. Enkantean modu birtualean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena. Horretarako, https://enkante.eus/erregistroa webgunean sartu eta eskatzen diren datuak bete behar dira.
Arratsaldean pilota eta herri kirolak
Asteazken arratsaldean ere izango da zertaz gozatua Ordizian. 17:30ean, Beti Alai pilotalekuan, pilotari profesionalen bi partida jokatuko dira. Salaberria-Gabirondo bikotea Senar-Lizeagaren aurka lehiatuko da lehenbizi. Ondoren, Altuna III.a-Rezusta, Artola-Iztuetaren aurka. Txartelak erosteko azken eguna izango da bihar Jai Alai elkartean (Sanperio kalea, 7), 18:00etatik 20:00etara (35 eurotan). Txartelen erreserba ere egin daiteke, 644 713 457 telefonora deituta.
19:00etan, azkenik, herri kirol saioa izango da Barandiaran plazan. Iker Vicente eta Ugaitz Mugerza, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otanoren aurka ariko dira aizkoran. Harri jasotzen berriz, Inaxio Perurena, Ainitze Zumeta eta Estefi Etxebeste.
Garraio publikoa
Ezenarrok egun hauetan Ordiziara gerturatzeko gonbidapena egin die goierritarrei. “Gure nortasunarekin eta gure sustraiekin bat egiten duten festak dira hauek”. Hori bai, asteazkenean Ordiziara joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin du.













