Ikasturte berrirako, alor desberdinetan ikastaro eskaintza zabala
Marrazketa, egur lanketa, puntu lanak, zeramika, dantza, musika, euskara... Legazpin badago non igaro denbora librea eta zer ikasi, irailetik ekainera bitartean.
Txirbil elkarteak urrian hasiko du ikastaro berria. Tere Madinabeitia Legazpiko kultura, gizarte eta kirol alorretako eragileek eta elkarteek amaitu dituzte udako oporrak, eta hasi dira ohiko jarduera berreskuratzen. Ikasturte berria hasita dute batzuk, eta datozen egunetan hasiko dute beste batzuk.
Kultura arloan, datozen egunetan hasiko dituzte ikastaroak Arkatzak, Irulek, Txirbilek eta Xalinkok, baina oraindik badago aukera izena emateko, Kultur Etxeko sarreran.
Kultura arloko ikastaroak
Arkatza elkarteak haurrei eta helduei zuzendutako marrazketa eta margotze ikastaroak emango ditu Kultur Etxean, datorren asteartetik aurrera, eta ekainera arte luzatuko dira eskolak. Hileko kuota 40 eurokoa izango da, eta oraindik badago tokia hainbat taldetan.
Irule elkarteak, bestalde, puntu ikastaroa eta ehungailu lanen ikastaroa jarriko ditu martxan urrian, ekainera arte. Ikastaro horiek Euskaltegian eraikineko ganbaran duen lokalean emango ditu, 16 urtetik gorakoei zuzenduta. Haurrek 6 euroko matrikula eta hilero 28 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 12 euroko matrikula eta hileko 30 euroko kuota.
Egurra lantzen erakusten duen Txirbil elkarteak, berriz, irailaren 22an hasiko du 28 orduko lehen ikastaroa. Hau ere 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta San Ignazioko eskola zaharretako egoitzan izango da, astelehen arratsaldeetan, bi ordutegi desberdinekin. Kuota 40 eurokoa izango da.
Xalinkoren buztingintza ikastaroa, azkenik, urriaren 13tik 31ra bitartean izango da, 30 orduko iraupenarekin. Hau ere Euskaltegiko eraikinean izango da. Kuota 40 eurokoa da.
Literatur klubak
Udal Liburutegiak ohiko ordutegia berreskuratu du irailarekin batera, eta datozen asteen literatur klubak jarriko ditu martxan. Lau izango dira ikasturte honetan ere. Euskarazko irakurketa kluba eta gaztelerazko irakurketa taldea irailean hasiko dira lanean, lehena hileko azkeneko osteguneko bilduko dela, eta bigarrena hileko azken asteazkenetan.
Urrian beste biak hasiko dira: LH3 eta LH4ko ikasleei zuzendutako haurren irakurketa kluba, euskaraz, astelehenetan bilduta, eta irakurketa errazeko kluba. Azken honen hitzordua asteazken goizetan izango da.
Doako jarduerak dira hauek, eta Udal Liburutegian bertan eman behar da izena.
Dantza eta bertso ikastaroak
Herrian dauden bi dantza taldeek ere irekita dute ikasturte berrirako izen-ematea. Korosti taldea irailean hasiko da 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako eskolekin, eta korostidantzataldea@gmail.com helbidera idatzita edo o 688 852 624 zenbakira deituta eman daiteke izena. Sustraiak urrian hasiko da 4 urtegik gorakoen klaseekin, eta informazio gehiago sustraiakdt@gmail.com helbidean eskatu daiteke informazioa.
Bertso-olariak bertso eskola ere urrian hasiko da, LH4ko ikasleekin hasita. Helduentzako klaseak ere emango ditu. Izena emateko axieririondo@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Euskara eta musika, eta helduen heziketa
Doinua Musika eskolan eta Udal Euskaltegian ere hastear dira ikasturte berriarekin. Musikariek datorren asteartean, hilak 9, dute lehen eguna.
Euskaltegian, berriz, urrian hasiko dira, maila guztietako euskara klaseekin. Izena emateko epea irekita dago hilaren 26ra arte. Horretarako, euskaltegira bertara joan, 843 740 090 telefono zenbakira deitu daiteke. Internetez ere eman daiteke izena: https://labur.eus/aurrematrikula24-25.
Itxaropen auzoan dagoen Helduen Hezkuntza zentroan ere hilaren 26an amaituko da izena emateko epea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua (DBH), euskara eta ingelesa, hasierako ikasketak eta alfabetizazioa, eta Informatika I. eta II. mailak eskaintzen dira bertan. Izena emateko Zumarragako Zelai Aristi Kultur etxean dagoen zentrora joan daiteke, 943 72 40 67 telefonora (9:00etatik 13:30era) deitu edo 012285aa@hezkuntza.net helbidera mezu bat bidali.
Buztintegi, Iratzarri eta kiroldegia
Legazpiko ikastaroen eskaintza Buztintegi jubilatu eta pentsionista elkartearen jarduerek, Iratzarri emakume elkarteren saioek eta Bikuña kiroldegiko kirol eskaintzak osatzen dute.













