Eñaut Urkaregi jaun eta jabe, Lierniko Txirrindulari proban
Bi zati izan ditu probak: 60 kilometroko errepideko ibilbidea, eta 4 kilometroko erlojupekoa. Eñaut Urkaregi izan da bi probetan azkarrena. Ampo taldeak eraman du taldekako garaikurra.
Ampo taldeko ziklistak eta Eñaut Urkaregi bi probetako irabazlea. Andra Mari jaietan murgilduta dago Lierni auzoa, eta gaur, gazteen mailako 44. Lierniko Txirrindulari probarekin hasi dute eguna. Txirrindulari lasterketak bi zati izan ditu: 60 kilometroko errepideko proba, batetik, eta 4 kilometroko erlojupekoa, bestetik. GT Tolosa/Danena taldeko Eñaut Urkaregi Sanz txirrindularia gailendu da bi probetan. Ibilbide luzea osatzeko 1:22:00 behar izan ditu. Helmuga zeharkatzen bigarrena, Unax Otegi Arrezubieta izan da, Iruki Donostialdea Bizikletan taldeko ziklista. Hirugarren, berriz, Ampo taldeko Eritz Atxega Iraolak egin du.
Jarraian, erlojupekoa jokatu dute ibilbide luzeko proban lehen 40en artean geratu direnek. Hor ere Eñaut Urkaregi izan da ibilbidea osatzen azkarrena, 00:06:12-ko denbora egin duelarik. Bigarrena, Unax Otegi Arrizubieta izan da 00:06:32-ko denborarekin. Podiuma osatzen hirugarrena Beñat Sainz Arriola izan da (Viveros San Anto-Mardu), 00:06:38-ko denborarekin. Taldekako klasifikazioari dagokionez, Ampo izan da irabazlea.
Erlojupeko probako argazkiak:












