Jendetza bildu da Legazpiko Artzain Egunean
Batis Otaegi legazpiarra eta Ameriketan artzain izandako Jesus eta Florentino Goñi nafarrak omendu dituzte.
Jesus eta Florentino Goñi artzainak Legazpiko alkatearekin. Beste edizio batez, Gipuzkoako Artzain Eguna ospatzen ari dira Legazpin. Goizeko ekitaldiak plaza inguruan ospatu dira, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 41. Lehiaketa, gazta eta sagardo dastaketa, 12 postuz osatutako artisauen azoka, Izaro Osinaldek gidatuko duen gaztagintza tailerra, Elustondo anai-arreben trikitixa eta Legazpiko Musika Bandaren doinuak, munduko txapelketara joango diren Ipar Arrinda eta Mikel Etxebarria ardi moztaileren erakustaldia, eta ardi erakusketa, horien artean.
Betiko formula mantendu du jaiak, berrikuntza gutxi batzuekin. Horien artean aipagarriena Ane Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak egindako show cooking erakustaldia izan da. Horrez gain, ardi erakusketa tokiz aldatu dute animalien ongizatearen legea aintzat hartuta. Aurten udaletxearen eta elizaren arteko kalean jarri dituzte, itzalean.
Euskal artzainei omenaldia
Goizeko ekitaldien artean omenaldiak ere ez dira falta izan. Urteetan Arantzazuko Artzain Eskolako zuzendari izandako Batis Otaegi legazpiarra izan da omendu dutenetako bat. Otaegirekin batera, Ameriketan artzain izandako Jesus eta Florentino Goñi nafarrek jaso dute aitortza.












