Agorreko Santikutzak ospatuko dira asteburuan
Legazpiko urteko azken jaiak dira. Ostiralean hasi eta igandera arte ospatuko dira, ekitaldiz beteriko egitarauarekin. Txosnan ere musikaz beteriko eskaintza osatu dute.
Agorreko Santikutzetako kantu afariaTere Madinabeitia Artzain Egunaren ondoren, asteburu honetan ospatuko diren Agorreko Santikutzekin amaitutzat emango da Legazpiko urteroko jaien erronda. Ostiralean irailak 12 hasiko dira Legazpiko jai txikiak, eta igandean irailak 14 amaitu, Santikutz egunean, Gorostiagako erromeriarekin.
Ohiko ekitaldiekin osatu dute egitaraua, eta beti bezala, musika, dantza, kirola, gastronomia, tradizioa eta beste ikuskizun batzuk daude jasota bertan.
Jaietan txosna ere izango da, baita barrakak ere. Txosnan musika eskaintza zabala prestatu dute ostiral eta larunbat gauetarako.
Erraldoiak eta musika
Agorreko Santikutzetako osagai nagusietako bat erraldoiak dira. Azken urteetan konpartsa antolatu du Legazpiko Erraldoi Konpartsak eta aurten ere prestatu du larunbaterako. Goiz eta arratsaldez izango da, eta herrikoekin batera, Iruñeko Mendillorri, Arabako San Adrian, Tafallako (Nafarroa) Asier Marco eta Urretxuko konpartsek parte hartuko dute, Doinuzar, San Adrian, Gaztedi eta Tolosako dultzaineroekin batera.
Musikak, bestalde, toki berezia izango du aurten ere egitarauan. Ostiralean kantu afaria eta Trapalata txarangaren emanaldia izango dira, eta txosnan, Sakatu elektrotxaranga arratsaldean, eta Chegebanda, Skaregekasko eta DJ Bezo gauean. Larunbatean, erraldoien konpartsa lagunduko duen musikaz gain, Korostiko dantzariek gonbidatutako Viladecanseko casteller taldearekin joko duten musikariak eta Odik abeslaria eta Emaion erromeria taldea izango dira. Txosnan, berriz, Velvet Bullets, Beietzez! eta Dj Txariña izango dira, gauean. Igandean, txistularien, Bermutaren Kermessea eta Mugi zaitez! ikuskizunen eta musika bandaren txanda izango da.
Kirol hitzorduak ere ez dira faltako asteburu osoan, eta herriko kirol elkarteek sustatuta, txirrindularitza, saskibaloia, bolak eta atletismoa izango dira. Berritasun bat ere izango da aurten, Korosting 24 ordu erronka. Korosti Trail proba antolatzen dutenek erronka bat prestatu dute, ostiralean plazatik 13:00etan hasita, Korostira 24 orduz jarraian igotzea eta jaistea.
Kantu-afaria eta zapia
Ostiraleko kantu-afarirako txartelak salgai daude Gurrutxaga eta Laubide tabernetan, eta asteazkena da erosteko azken eguna. Ostiralean bertan ere izango da txartelak eskuratzeko aukera kantu-afarian.
Jaietako zapiak, berriz, 2 euroan daude salgai Kultur Etxeko harreran eta Urbeltz tabernan.
AGORREKO SANTIKUTZAK
IRAILAK 12, OSTIRALA
16:30: Haurren bizikleta festa, Euskal Herria plazan, Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen eskutik.
18:00: Jai hasierako sardina jana Lekanazpi Elkartearen eskutik 20:00ak arte, Euskal Herria plazan (Urbetz Pilotaleku ondoan). 2€ pintxoa eta tragoa.
18:30: LEK erraldoi eta buruhandi konpartsaren kalejira.
20:00: Bertso saioa: Bertsolariak: Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar, Bertso Olariak elkarteak sustaturik Nafarroa Kalean.
21:30: Kantu afaria Doinua Musika Eskolaren eskutik, Gernika plazan. (Eguraldiak lagunduko ez balu, Azokan). Ogitartekoak eta sagardoa, ardoa eta ura izango dira bertan salgai.
23:30: Trapalata txaragan erdigunean.
23:30: Kontertuak Txosnagunean.
IRAILAK 13, LARUNBATA
11:00: 41. Sukaldari lehiaketaren hasiera, Azokan.
11:30: Erraldoi alardea, LEK Legazpiko Erraldoi Konpartsak sustaturik. Parte hartuko dute Legazpiko konpartsak eta Asier Marco (Tafalla), San Adrian, Iruñeko Alde Zaharra eta Urretxuko errraldoi konpartsek. Doinuzar gaiteroak, Gaiteros de San Adrian, Gaztedi dultzaineroak eta Tolosako dultzaineroek jarriko dute musika. Ibilbidea: Arantzazuko bidegurutzea, Santikutz Egoitza, Santikutz kalea, Patrizio Etxeberria kalea, Kale Nagusia, Euskal Herria plaza
12:00: Viladecanseko Castelleres taldearen emanaldiak, Korosti Dantza Taldeak sustaturik. 12:00-12:30 Zaharren egoitzan; 12:30-13:00 Kale Nagusian; 13:00-13:30 erraldoiekin batera plazara, bertan gazteluak egingo dituzte.
14:00: Sukaldari lehiaketaren sari banaketa Azokan.
16:00: 3×3 Saskibaloi txapelketa herrikoia Azokan, Andraitz Saskibaloi taldeak sustaturik.
17:30: Atletismoko 24. milia hiritarra, Aizkorri kalean. Goierri Garaia Atletismo Taldeak sustaturik .
18:00: Erraldoi alardea. Ibilbidea: Euskal Herria plaza, Nafarroa kalea, Kale Nagusia.
18:00: Viladecanseko castellers taldea eta Euskal Herriko castellers taldea, Korosti Dantza Taldeak sustaturik. 18:00-18:30etan Laubiden gazteluak egin; 19:00-19:30 Kale Nagusia; 19:30-20:00 Nafarroa kalea; 20:00-20:30 udaletxe atzealdea.
22:30: Odik eta erromeria Emaion taldearekin Euskal Herria plazan.
23:00: Kontzertua Txosnagunean.
IRAILAK 14, IGANDEA
09:00: Legazpiko 18. Argazki Rally Digitala. Batis Goikoetxea Memoriala. Izen ematea Kultur Etxean goizeko 9:00etatik 10:00etara.
9:00: Diana Goiz Deia Txistulari taldearekin, erdiguneko kaleetan.
10:00: Probintzia mailako bola txapelketa, Danantzako herri bolatokian. Izen-ematea, 10:00etatik 11:00etara.
10:00: Hamarretako Korostiaga mendian.
10:30: Meza, Korostiaga mendian.
11:00: 3D puzzle kaxa eta buru hausgarriak eta 3D inprimagailu erakustaldiak haur, gazte eta helduentzat Euskal Herria plazan. 14:00ak arte. (Eguraldi txarrarekin Azokan).
11:15: Erromeria, Goiz Deia Txistulari Taldearekin, Korostiaga mendian.
13:00: Bermutaren Kermeseea kaleko musika antzezlana, nazioarteko errepertorioko pieza klasikoak ardatz dituena. Kale Nagusian.
17:30: Mugi zaitez! ikuskizuna Txulalai taldearen eskutik (Lehen Kantu Kolore), haur, gaztetxo eta familentzat, Euskal Herria plazan.
19:00: Legazpi Musika Bandaren kalejira erdigunean.













