Irailaren 21ean estreinatuko dute 'Maspalomas' filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean
Jose Mari Goenaga ordiziarrak Aitor Arregirekin batera zuzendutako filma da. Jose Ramon Soroiz legorretarra da protagonista nagusia, 75 urteko Vicente.
Donostiako Zinemaldian, irailaren 21ean, goierritarrak izango dira protagonista nagusiak Kursaalgo alfonbra gorrian. Jose Mari Goenaga ordiziarrak eta Aitor Arregi oñatiarrak zuzendu eta Jose Ramon Soroiz protagonista duen Maspalomas filma estreinatuko baitute, Sail Ofizialaren barruan. Kursaalgo areto nagusian, 22:00etan izango da.
Moriarti ekoiztetxearen fikziozko seigarren film luzea da. Goenagak idatzi du gidoia, euskaraz.
Sinopsia. Filmeko protagonista Vicente da, 75 urteko gizonezko bat, eta Kanaria uharteko Maspalomas hirian bizi da. Halako batean, gizonak bikotekidea utziko du. Horren ostean, Vicente Donostiako zahar etxe batera eramango du haren alabak, eta, bertan, zenbait arrazoi tarteko, ez du bere identitatea osorik erakutsiko.













