Legazpiko nagusiek Gizarte Zentroaren 50. urteurrena ospatu dute
Bazkaria egin zuten atzo bertan, eta 130 lagun inguru bildu ziren mahaiaren bueltan. Buztintegi elkarteak antolatutako juntadizoa izan da.
Legazpiko nagusiek Gizarte Zentroaren 50. urteurrena ospatu zuten atzo, 130 inguru lagun elkartu zituen bazkariarekin. Buztintegi jubilatu eta pentsiodunen elkarteak antolatutako juntadizoa izan da.
Gizarte Zentroa urte luzeetan ‘Jubilatuen etxea’ izenarekin ezagutu da, eta gaur ere horrela deitzen diote askok. Jubilatuen etxe hau 1975eko uztailaren 6an inauguratu zuten, eta urte berezko abuztuaren 26an hasi zen funtzionatzen. Gizarte Zentroa eraikitzeko lanak orduko Espainiako Lan Ministerioak gidatu zituen, eta 18.804.994 pezetako aurrekontua zuten (gaurko 113.280 euro inguru). Proiektua Carlos Povedano Vargas arkitektoak idatzi zuen.
Buztintegi elkarteak bertan du egoitza, eta atzoko ospakizuna “aurrekoen omenez eta gaurko bazkideen gozamenerako” prestatu du.
Bazkarian bildu zirenei begira, Buztintegiko arduradunek honako idatzi bat prestatu zuten, Gizarte Zentroaren irekierak duela 50 urte zer suposatu zuen azaltzeko. Honela dio:
“Hau irakurtzen dutenek baloratu ahal izateko zer ekarri zuen beste laku batean nahi ez zuten Jubilatuen Etxea Legazpin eraikitzeak, hori gertatu zen garaian kokatzetik hasi behar da, eta garai hura, neurri handi batean ezezaguna da eta, beraz, ez da baloratzen.
Frankismoaren amaiera da, Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen. Garai hartan oso elkarte gutxi zeuden, eta zeuden guztiak, gizonenak. Etxe gehienetan ez zegoen dirurik elkarte baten kuota ordaintzeko. Gaizki ikusita zegoen emakume bat taberna batean bakarrik sartzea, eta oso gutxi ausartzen ziren. Jubilatuen Etxea eraikin berria zen, bi solairu zituen eta nahikoa leku elkarkideentzat gustukoak ziren ekimen guztiak gauzatzeko. Ekimen haiek ordura arte familia aurrera ateratzeko denbora, lana, dirua eta ahalegina eman zutenen topaketa eta bizikidetza errazten zuten. Aldundiak jarritako arduradun bat, bi atezain eta taberna-zerbitzua zituen, bi pertsonak artatuta, prezio ekonomikoko kontsumizioak, sukalde oso bat, eta hori guztia, kuota txiki baten truke.
Baina, azpimarratzeko zerbait badago, sortu zen dinamismoa eta jarduera handia da, bazkide askok parte hartzen baitzuten. Mahai-jokoez gain, yoga, gimnasia, dantzak, inauterietan, etxean eta bertan egindako mozorroekin, eta abar ematen ziren.
Beraien aiton-amonak, gurasoak edo senideak Jubilatuen Etxera joaten ziren pertsonengandik jasotako iruzkinetan, bada errepikatzen den gai bat: jendearen ilusioa eta parte hartzea. Yoga egiteko txandalik inoiz jantzi ez zuten pertsonak pozez zoratzen zeuden esperientziarekin, eta horrek, ikasketa saioetara etorrarazten zituen, eguna joan eguna etorri, hutsik egin gabe. Beste hainbeste kontatzen dute inauterietan parte hartzeaz; gutxira arte debekatua egon zen hura, Tolosan izan ezik, irudimena eta modeloen bilaketa piztu zituen, erretiroa hartu arte produkzioa ateratzeko kurrikaz lanean egondako gizonengan edo familia zaintzen ardura nagusia zuten emakumeengan mozorrotzeko.
Hauxe da Legazpiko Jubilatuen Etxearen 50. Urteurrena ospatzeko laburpen bat eta zertzelada batzuk”.













