Oria, Amundarain eta Mariarats errekak garbitzen hasi dira Ordizian
2018. eta 2024. urteen artean egindako garbiketa kanpaina guztiak kontuan hartuta, guztira, 28.300 kilogramo zabor atera dituzte Ordiziako erreketatik.
Duela urte batzuk hasitako bideari jarraituz, aurten ere udalak Ordiziako zatiko Oria ibaia eta Amundarain errekaren eta Mariarats errekaren garbiketak egingo ditu. Txukun Lorazaintza S.L. enpresak gaur hasi ditu garbiketa lanak, Oria ibaitik, Mariarats erreka eta Oria ibaia elkartzen diren puntutik. Lanak bi astean amaitzea aurreikusten dute.
Iazko datuei erreparatuta, bi astean zehar, Oria ibaia eta Mariarats erreketatik (Amundarain erreka aldundiak garbitu zuen) 1.900 kilogramo zabor atera zen: plastikoa %10a, txatarra %20a, egurra %20a eta errefusa %50a.
2018 eta 2024 urte artean egindako garbiketa kanpaina guztiak kontuan hartuta, berriz, guztira, 28.300 kilogramo zabor atera dituzte erreketatik. “Oso garrantzitsua da urtero lan hauek egitea, gure ibai eta errekak garbi mantentzeko. Hala ere, garbi mantentzeko bide onena ez zikintzea da, eta gogorarazten dugu ibai eta errekak ez dira gure zaborrak botatzeko lekuak”, esan du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Ibai ertzean kateaturik dauden zaborrak eskuz biltzen dituzte, makinarik ez da erabiltzen, bertatik atera eta kamioian garbigunera eramaten dituzte, gero bertan sailkatuz eta pisatuz.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz babestutako ekintza da.
Argazkiak: Ordiziako Udala.














