Energia komunitatea sortzeko lehendabiziko bilerak Mutiloan
Hiru bilera deitu dituzte; lehendabizikoa irailaren 15ean izango da. Bileren helburua energia komunitateen inguruko informazioa zabaltzea izango da.
Mutiloako udaletxea artxiboko argazkian.Josune Zarandona Mutiloako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren Energia Eraldaketarako Bulegoarekin lankidetzan, herrian energia komunitate baten sorrera bultzatzeko informazio saioak antolatu ditu. Hiru bilera zehaztu dituzte, momentuz. Lehendabizikoa datorren astelehenean —irailak 15— izango da 18:30ean udaletxean. Hurrengoak, urriaren 13an eta urriaren 27an.
Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik adierazi dutenez, saio hauen helburu nagusia “ energia-komunitateak zer diren jakinaraztea, nola lagun dezaketen energia aurrezpenean eta jasangarritasunean adieraztea, eta horiek abian jartzeko zer urrats egin behar diren aurreratzea” da. Bide batez, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, aholkularitza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen da, bai eta laguntza ekonomikoak ere, autokontsumoko, biltegiratzeko eta mugikortasun elektrikoko sistemak instalatzeko, adibidez.
Gipuzkoa jasangarriagoa
Saioen ziklo hau aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoan eredu energetiko jasangarriagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko duen estrategiaren parte da. Hala, informazioa eta tresnak eskuratzeko aukera ematen du, udalerriek eta auzotarrek beren burua antolatu ahal izan dezaten eta energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailak aprobetxatu ahal izan ditzaten.
Gipuzkoa “eraldaketa bat bizitzen ari da bere kultura energetikoan, eta prozesu horrek gizarte osoaren parte-hartze aktiboa behar du”, azpimarratu dute. Energia-komunitateak sortuta, “herritarrak jartzen dira prozesu horren erdigunean, pertsona guztiek energia berriztagarria sortzeko eta autokontsumitzeko aukera dutela ziurtatuz, eta, gainera, faktura elektrikoan aurreztea lortuz”.
Gaur egun, herritarren 67 energia komunitate daude martxan Gipuzkoako 59 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak. Helburua da 2027an “lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat funtzionamenduan izatea”.
Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak “erabateko konpromisoa” hartu du eraldaketa horrekin. Eraldaketa Energetikorako Bulegoak eskainitako laguntza zerbitzuaz gain, dirulaguntza espezifikoak gaitu dira energia-komunitateetarako instalazio fotovoltaikoak eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak finantzatzeko. Aurten 1.500.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte herritarrei trantsizio energetikoa errazteko.













