Nekane Balluerkak EHUren Urrezko Domina jaso du
EHUren ikasturte hasierako ekitaldian egin diote aitorpena, Jose Angel Iribarrekin eta Carlos Goikoetxearekin batera.
Miren Nekane Balluerkak (Ordizia, 1966) EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina jaso du, gaur goizean Gipuzkoako Campuseko Miguel Unamuno parkean egindako ikasturte hasierako ekitaldian. “Ohore handiz” jaso du aitorpena: “Ez dago etxean jasotako baino aitorpen hobeagorik”.
Uztailean jakinarazi zuen EHUko errektoretza taldeak Nekane Balluerka, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia eta Jose Angel Iribar futbolari ohia proposatu zituela aurtengo Urrezko Dominak jasotzeko. EHUk errektore hautatutako lehenengo emakumea izan zen Balluerka; “EHU eraldatzeko jokatu zuen rolaz baliatuta”, haren lidergoa goraipatu zuen errektoretza taldeak. “Errektore zela unibertsitatearen muina diren prestakuntzan eta ikerketan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena egin zuen EHUk: eskaintza igoz eta talentua erakartzeko programa berria sustatuz”.
Shanghai rankinean ehun postu gora egitea lortu zuen unibertsitateak bera errektore zela, munduko 400 unibertsitate onenen artera jauzi eginez. Leire Garmendia EHUko idazkari nagusiak aurkeztu du Balluerka aitorpenaren aurretik, eta esan du EHUk “asko zor” diola, besteak beste “formakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta kudeaketarekin ezin hobeto” bete duelako. “Lidergoan ere erakutsi du badela nor, ikerkuntzaren Euskadi saria, pandemiari azkartasunez erantzun zion EHU edonondik estrategiarekin, aitzindari izatea tokatu zitzaion, EHUko lehen emakume lemazain, eta inpronta feminista ezartzeko baliatu zuen, bere pasioa alboratu gabe: euskararekiko konpromisoa”.
“Ohore handiz” jaso du aitorpena ordiziarrak gaurko ekitaldian: “Oso hunkituta nago eta bihotzez eskertu nahi diot errektoretza taldeari, baita Gobernu Kontseiluari ere erabateko babesa emateagatik proposamenari”. Adierazi du “ez dagoela etxean jasotako baino aitorpen hobeagorik”, eta “are handiagoa” dela aitorpena Garaikoetxea eta Iribarrekin jasota.
Era berean, eskerrak eman dizkie gurasoei, “jakin-mina, lanarekiko erantzukizuna eta Euskal Herriarekiko atxikimenduaren garrantzia” transmititzeagatik, anai-arrebei, alabei, eta senarrari, berarentzat “mugimendu feministak daukan garrantzia ulertzeagatik”. Baita Ordiziako Oianguren institutu publikoari, eta Psikologia fakultateari ere.
“Oso gazte” hasi zen Psikologia fakultatean eskolak ematen: “Ilusioz lan egin dut eta ilusio berdinarekin jarraitzen dut. Pasioz egiten ez diren gauzak ez dute etekin onik ematen”.
Palestinako genozidioa salatzeko ere baliatu du hitzartzea. Joxemiel Barandiarani erreferentzia eginez amaitu du: “Izan zirelako gara”.













