Ormaiztegiko ziklo krosa “biziberrituta” itzuliko da azaroan
Ataunen lehenengoz antolatuko dute ziklo-kros proba aurten, abenduaren 14an izango da. Neguko egutegia Segurako ziklo-kros probak itxiko du abenduaren 28an.
Ormaiztegiko ziklo-kros probaren azken edizioa, 2024ko urtarrilean.Josune Zarandona Urte hasieran, 53. edizioa bertan behera geratu eta gero —urtarrilaren 5ean jokatzekoa zen—, azaroko bigarren asteburuan jokatuko da aurten Ormaiztegiko ziklo-kros proba, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak (ETxF) gaur bertan jakitera eman duenez. Goierriri dagokionean, beste bi lasterketa ere hartuko ditu aurtengo ziko-kros egutegiak, berrikuntza eta guzti. Izan ere, Ataunen lehenengoz antolatuko dute ziklo-kros proba aurten, abenduaren 14an izango da. Segurak ere ziklo-kros proba berreskuratuko du iazko etenaren ondotik, abenduaren 28an jokatuko da. Euskal ziklo-kros egutegia itxiko du Segurako probak eta Euskadiko Ziklo-Kros txapelketak jokatuko dira bertan.
Orotora, 16 probek osatuko dute neguan zehar euskal ziklo-kros egutegia. Horietatik, 12 lasterketek osatuko dute ETxF Ziklo-Kros Rankinga, hiru lasterketa berrirekin. Horietaz gain, nazioarte mailako hiru lasterketa eta Espainia mailako lasterketa bat gehituko zaizkio egutegiari.
Hasiera Urduñan
Zelai arteko lehendabiziko pedalkadak Urduñan (Bizkaia) izango dira urriaren 11n. Bi aste beranduago hasiko da, bestetik, ETxF Ziklo-Kros Ranking-a: Tolosan, urriaren 25ean eta Elorrion (Bizkaia) urriaren 26an.
Azaroko lehendabiziko asteburuan euskal egutegiko hitzordu nagusietako bat iritsiko da UCI mailako bi lasterketekin. Jose Mari Basualdoren oroimenezkoa Amurrion (Araba) ospatuko da azaroaren 1ean eta hurrengo egunean, Karrantzako (Bizkaia) Nazioarteko Ziklo-Krosaren txanda izango da, Espainiako Koparako baliagarria izango dena.
Azaroko bigarren astea aurtengo egutegiko berrikuntza nagusiekin iritsiko da. Batetik, Elgoibarko ziklo-kros berria jokatuko da azaroaren 8an eta Ormaiztegikoa, ohiko data aldatuta jokatuko da azaroaren 9an. “Ormaiztegiko ziklo-kros historikoaren biziberritzea” deitu diote antolatzaileek. Hain zuzen, nazioarte maila txapelketa estreinatuko da Ormaiztegin, UCI C2 mailako txirrindularien parte hartzearekin.
ETxF- ren ranking-a
Hortik aurrera ETxF Ziklo-Kros Ranking-ak hartuko du protagonismoa neguan zehar. Zamudioko (Bizkaia) hitzordu berria eta Lezamako (Bizkaia) Ziklo-krosa azaroaren 15ean eta 16an jokatuko dira Zorrobike klubaren erronka bikoitzarekin, bi probak klub berak antolatuko baititu.
Jarraian, Ametzagako (Araba) San Andres saria —azaroaren 23an— eta Berrizko (Bizkaia) Ziklo-krosa —azaroak 30— izango dira. Abenduan amaituko da egutegia bost probekin. Hilaren 7an Zornotzan (Bizkaia), 13an Gorlizen (Bizkaia), Ataungo ziklo-kros proba berria abenduaren 14an eta Aiarako (Araba) ziklo-krosa San Tomas egunean izango da. Egutegia Seguran itxiko da, abenduaren 28an, Euskadiko Ziklo-Kros txapelketarekin.













