Saioa Alkaiza da Igartza Sariaren irabazlea
'Katu ileak txandaletan' eleberri-proiektuarekin nagusitu da iruindarra. 10.000 euroko laguntza jasoko du lana burutzeko. Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak antolatutako sariketak idazle gazteei bultzada ematen jarraitzea du helburu.
Saioa Alkaiza Igartza Sariaren irabazlea.Ariane Vierbücher Saioa Alkaiza Guallar (Iruña, 1991) izan da XXVIII. Igartza Sariaren irabazlea. Katu ileak txandaletan izeneko eleberri-proiektuarekin nagusitu da, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du lana idazteko eta Elkar argitaletxearen eskutik argitaratzeko.
Igartza saria Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak antolatzen dute, idazle gazteei lehen eleberria sortzeko aukera emateko helburuarekin. Aurten, hamasei proiektu aurkeztu dira, eta Olatz Mitxelenak, Esti Martinezek eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak aho batez aukeratu du Alkaizaren lana.
Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan egin dute jakinarazpena gaur goizean. Ekitaldian Mariola Pascual Beasaingo Udaleko kultura zinegotzia izan da, eta azpimarratu du udalak “idazle gazteei aukera ematen jarraituko duela. Bianditz Iraola CAF enpresako ordezkariak ziurtatu du “hurrengo urteetan ere sari hau babesten jarraituko” dutela, eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko ordezkariak ukitu berezia jarri dio ekitaldiari: bertsotan bezala, Mendigurenek ‘puntua’ ipini dio Alkaizari, eta idazleak galderak erantzun ditu, bertsoak botako balitu bezala.
Ibilbide oparoa

Saioa Alkaiza Elkar argitaletxearen egoitzan, Donostia, gaur goizean.Ariane Vierbücher
Saioa Alkaiza kazetaritzan aritu izan da, baina batez ere bertsolari gisa da ezaguna, Nafarroako bertsolaritza eszenan ibilbide oparoa eginez. 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Gainera, literatur sari ugari irabazi ditu, bai ipuin laburretan, bai poesia lanetan, eta hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere testuak. Katu ileak txandaletan izango da bere lehen liburua bakarka, eta Igartza sariak bultzada erabakigarria emango dio bere ibilbide literarioari.
Gai gordinak umorearekin
Eleberri proiektuan Nahia du protagonista, pobreziak eta biolentziak markatutako familia bateko alaba. Bizitza ‘normal’ baten bila dabil, baina hainbat gatazka pertsonali egin behar die aurre: aitarekin harremana nola kudeatu, bikotekidearen traizioaren zauria, amatasunerako azken aukerak eta lan-egonkortasunik eza.
Alkaizak azaldu du lanak gai serioak jorratuko dituela, baina umorea eta ironia tartekatuko dituela, “errukia eta autosuperaziozko diskurtsoak saihestuz”. Orain arte, baina, hamabost-hogei orriko lagina aurkeztu du, eta urtebeteko epea izango du lana osatzeko, beraz, aurreratu duenez “aldaketak” izatea oso posible da.
Diru kopuruaren erdiak berehala jasoko ditu, eta gainerakoak, eleberria bukatzean eta epaimahaiak onespena emandakoan.













